Erronka bikoitza
Agus Perez
Berria, 2008-03-05
“Ohean”

Zuzendaritza: Carlos Penera. Jatorrizko gidoia: Julioa Rojas. Moldaketa eta euskaratzea: Unai Elorriaga. Eszenografia: Gorka Minguez. Musika: Rafa Rueda. Aktoreak: Matxalen de Pedro, Aitor Beltran. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 2.

      Indartsu atera da Ohean izeneko antzezlana aurrean izan duen erronka bikoitzetik, eta bide batez, aukera eman digu euskarazko antzerkiaren kalitateari neurria hartzeko, estreinaldi honen aurrean gaztelaniazko bertsioarena izan delako eta biak ala biak Matias Bizeren kultu-film ederrean oinarritu direlako.

      Pantailatik antzokira edo alderantzizko bidea egin duten obrak ez dira gutxi, eta gehienetan gidoiaren bikaintasunak eragin du jatorrizko produktua lengoaia berri batera eraldatzeko nahia. Kasu honetan, gainera, filmeko bikote protagonistak gelatik irten gabe ematen zuen denbora osoa, eta horrek asko erraztu du planteamendu eszenikoa. Bestalde, filmeko klaustrofobia giro nabaria ez zaigu hain itxia iruditu eszenatoki batean ikusi dugunean.

      Aurrera joan baino lehen, jakin beharra dago ekoizpen partekatua izan dutela euskarazko eta erdarazko bertsioek: En la cama Tamzin Townsend prestigio handiko zuzendariak sinatzen du, eta hango bikote protagonista Maria Estevek eta Roberto Sanmartinek osatzen dute. Esan gabe doa erdarazko bertsio horrek ere primeran funtzionatu duela, eta nik uste dut guztiz onuragarria izan dela Carlos Panerarentzat Townsend bezalako profesionala parean zegoela jakitea, bere lehiaren aurrean kalitate ukaezinezko produktua atera zaiolako, batez ere aktore bien interpretazioen aldetik.

      Euskarazko bertsioari dagokionez, erregistro erabat neutroan mantendu da testua emanaldi osoan, emagaldu hitzaren erabileran neutraltasunik ez dagoen arren. Baina zoritxarreko hitza kenduta, hizkuntza-asepsia nagusitu da dialogoetan, eta nik uste dut asepsia horrek indar apur bat kendu diola jatorrizko testuari. Bestetik, aipatzekoa da aldaketa eta txantxa txiki batzuk txertatu direla, egoera hurbilagoa izan zedin, nahiz eta haietariko gehienak benetan beharrezkoak ez ziren.

      Eszenografiak garrantzi osoa eman dio oheari -Tamzinek dekorazio zeharo naturalista hobetsi zuen-, eta iluntasunean utzi du ohearen inguruan dagoen guztia, egoeraren ezohikotasuna nabarmenduz eta bikotekideek elkarri buruz ez dakitena sinbolizatuz. Horrek babesgabe samar utzi ditu antzezleak eta, paradoxikoki, protagonismo apur bat ere kendu die, eremu eszenikoari gehiegizko garrantzia ematean. Haiek, ordea, ederki aurre egin diete oztopo guztiei, presentzia eszenikoa, deklamazioa, ahotsaren proiekzioa eta keinu bakoitza segurtasun osoz menperatuz. Eta ni pozik nago, behingoz ikusi ditugulako euskal antzerki estandarrean telebistako estilo merketik urrun egon diren antzezpenak, nahiz eta Paneraren bertsioan emozioen intentsitatea zertxobait apalagoa izan den.