antzezpen kritikak
< Arrosak inausten | Abentura zoragarria >
Petra von Kanten bidaia
Agus Perez
Berria, 2007-07-13
Donostiako Antzerki Feria

Obrak eta konpainiak: Las amargas lagrimas de Petra von Kant (Craneos de Yorick); Haiku 4 (Matxalen Bilbao). Eguna: Uztailak 11.

      Bidaia luzea egin du Petra von Kanten pertsonaiak Fassbinderren eskutik jaio zenetik, duela hogeita bost urte inguru. Bidaia horretan, ordea, ez du ezer galdu, eta asko dauka oraindik esateko giza jokaerari buruz eta gure arteko botere eta menpekotasun harremanei buruz. Gure artean ohikoa den bezala, zinema areto espezializatuetan ezagutu genuen istorioa, eta, bitxikeria moduan, han agertzen zen harrez geroztik hain miretsia izan den Hanna Schygulla, Petraren amorante gaztearen rolean. Hala ere, eta antzerkiaz ari garenez, komeni da jakitea jatorrizko obra antzezlana izan zela, Fassbinder zinemagilea izateaz gain dramaturgo oparoa ere izan baitzen.

      Donostiako Antzerki Ferian ikusi dugun bertsioa Madrilgo Craneos de Yorick konpainiak prestatu du, eta dudarik gabe esan daiteke oso proposamen interesgarria plazaratu dutela. Hasteko eta behin, testuaren hautaketa aipatu behar dugu, egileak egoeraren disekzio klinikoa egiten baitu, hiru pertsonaia nagusien arteko tirania-harremanak gordin azaleratuz eta inguruko beste hiru pertsonaiak makinaria dramatikoaren ezinbesteko osagai bezala erabiliz. Argumentuan zehar, Petraren botere nahiak talka egingo du Katrin Thimm-en gaztetasun axolagabearen kontra, gutxien espero duenean gainera, eta orduan are nabariagoa izango da Marlene neskamearekin duen esklabotasun harremana, zenbait momentutan Genet-en Neskameak gogorarazten diguna.

      Jose M. Echek eta Miquel Insuak atondutako dramaturgia eszenikoan hiruzpalau besaulki lerrok betetzen dute agertokia, eta benetako ikusleen irudia eszenako atzealdean proiektatzen da noizean behin, fikzioaren eta errealitatearen arteko lotura areagotzeko. Bestetik, sormen handikoa da objektuen erabilera subliminala, eta horrek asko errazten du ekintzaren erritmoa. Horretaz gain, albo bateko bideokamera eta lehen lerroko telebista pantaila Fassbinderren filmean lehen planoko irudiei emandako garrantziaren ondoriotzat har ditzakegu. Antzezpenei begira, primeran egon dira sei emakumeak, une batzuetan apalegi ibili diren arren, batez ere ahotsaren proiekzioari dagokionez. Hori kenduta, baina, oso zapore intentsua utzi digu Petra von Kanten itzulerak.

      Matxalen Bilbaoren Haiku 4 dantza lana, aldiz, batere zaporerik gabea izan da. Denok uler dezakegu koreografoek beti-beti zerbait esateko ez izatea, baina kasu horietan zintzoena da ezer ez plazaratzea. Posiblea da kontrako kasua ere, baina orduan mugimenduaren diseinu interesgarrian eta haren kalitate ukaezinean oinarritu beharra dago. Esandako baldintzetatik bat bera ere ez da bete Dantzarako Plataforman aurkeztutako pieza honetan.