Beltzeriak ahoan bilorik ez!
Mattin Irigoien
Berria, 2005-05-15
“Beltzeria”

Testua eta zuzendaritza: Antton Luku. Taldea: Hiru Punttu. Lekua: Hazparneko Ttattola.

      Hastapen batean egoiten zira beha, harriturik. Jokalariak jendearen artetik mintzo dira, eta argipean izan zintezke zuhaur ere. Zer da komedia hau, ostatuan gira ala? gainera borroka armatua ditek solasa, batean alde, bestean ez duela balioÉ Norat eramango gaituzte?

      Hatsa berantago hartzen hasten zira, solasen abiadurari ohiturik, Bixente Lizarrazu itsas-motoan onddoz estalirik pasatzen ikusten duzularikÉ gero denak saguen pare zikoan lotzen dira, bat komunean barnea libratzen ari da zure aitzinean, edo tsunamiak paretaren kontra kolatzen ditu beste behinÉ Irudi azkarrak geratzen zaizkit burusabaian, alta bi oreneko ele jario etengabeak dizkit iltzatu, ez (ez diren) efektu eszenikoek.Ekologia hondamenak, gure baitan hazten eta hilobira eramanen gaituen minbizia edo euskararekin dugun harreman nekea dira solasetik solasera txirikordatzen diren harietarik hiru eta sena aldatzeraino bakerik ematen ez diguten obsesioak bailiran, patologia horiek jaten ari duten gure gurea den munduaren argazkia osatuz doaz.

      Zinez harrotzen gaituen antzerkia zerbitzatzen digute antzerkiaren definizioan da ez harrotzea ?. Heltzen dira gure baitan estalirik dauzkagun botzen mintza araztera. Bederatzi pertsonen ahotik entzunik ere ez baitira bederatzi pertsonaien lotura gabeko dialogo edo monologo paraleloak ele horiek; jokoan dena, azaleko inkoherentziatik haratago, norberaren koherentziaren pean itotzen diren oldartze, harridura, mesfidantza, maitasun edo elkartasun oihu kontradiktorioen espresioa da. Testuaren indarraren eta Anttonen abileziaren ondorioz. Berak, ez publikatzeko zina egiten du jokolarien ahotik, komunikazio efemeroari, ikuslearekilako hurbiltasunari eta pasatu nahi duen maitasunari lehentasuna emanez horrela; beltzekilako, bere esparru propioa aldarrikatzen duen hizkuntzarekilako, antzerkiaren eta bizitasunaren alde egin hautuarekilako koherentziaz. Ados naiz, eta ber denboran domaia da, hain da gozatzeko ederra deseraikuntza hori, iparraldeko Euskal Herri osoko ere berdin hainbat topiko eta pentsamendu correct pikarrai eta lotsagarri uzteraino heltzen baita. Bizpahiru aldiz ikustea edo irakurtzea merezi luke !

      Interpretazioa testua bezain ona

      Taldearen interpretazioa testuaren hein berekoa da, xarma berezia aurkitzen zaiolarik iparraldeko euskalduneriaren estraktu baten itxura duelako: euskaldun petoen ahoskera batzuek, kostaldeko undergroundekoen tonua horiek, batzuk eroago, besteak konbentzituago, noizbait goxo edo pollit, berdin errabian edo hauskorÉ Neska, emazte ala mutiko beltzak, ahoan bilorik gabe jokatzen dute! Eta kantatzen?! Ele arteko etenaldi horiek kantu leunak ez, kantu bizituak, erran nahiz kargatuak, asumituak eta halere kantatuak dira; zoragarriak izan zaizkit.

      Luku bonbak

      Engoitik badakizue zer diren Luku bonbak! Etxera itzultzean, harrotu errautsa ez da etortzerakoan zeukan ber antolamenduan pausatzen ahal. Maitatu ala hastiatu, zerbait aldatu da ez konbikzioak, ez da hainbesterako baina barne indarberriturik zoaz menturaz, beltzean argi ikusten delako.

      Erroa hunkitzen duenaren sentsuan da erradikala obra hau, izan antzerki forman, gaiaren tratamenduan ala interpretazioaren tonuan. Ez da molde bat, bilatzen den koherentzia bat baizik, ideia baten zerbitzuko.

      Lurra, orain Beltzeria, hauek jalgitzen diren ber, gure antzerkia hozka batez mugitzen da. Badira hola obra zenbait mugarri gelditzeko ezaugarri guziak dituztenak...