Jatorrizko testuaren egilea: Martxel Mariskal. Konpainia: Antzerkiola Imaginarioa. Dramaturgia eta zuzendaritza: Ander Lipus, Iņigo Muguruza. Eszenografia: Ana Davila. Argiztapena: PCs de colores. Musika: Sagarroi. Antzezleak: Ander Lipus eta Miren Gaztaņaga. Lekua: Leioako Auditoriuma. Eguna: Otsailak 3.
Leonard Cohenen Hallelujah abestiaren bertsio bat entzuten dugu Ezekiel lanaren hasieran. Laster, baina, agertokian dauden lau musikariek hartuko dute musika jotzeko ardura eta Sagarroi musika taldeko kideek euren jakituriaren erakustaldi polita emango digute lanak irauten duen ordubetean zehar.
Korrika Kulturalerako Antzerkiola Imagionarioak sortu duen muntaiaren osagai nagusiak eta ia bakarrak musika eta hitza dira. Hitz poetikoak eta soinu poetikoak dira, poetikotasun handikoak izan ere. Ezagutzen ez dudan Martxel Mariskalen eleberria horrelakoa delako, beharbada. Beharbada Ander Lipus eta Iņigo Muguruzaren artean egindako hautaketan pasarterik lirikoenak erabili direlako. Beharbada, azkenik eta seguruenik, aktore bien ahoskera zehatzak eta deklamazio perfektuak asko igoarazten dutelako testuaren kalitatea. Bitxia bada ere, testuan badira Lipusen taldean oso kuttunak diren ezaugarri batzuk, euren aurreko lan batzuetan Yuri Sam, Kaputen kanta... esplizituki agertu direnak: heriotza eta bizitza txanpon bereko alde biak direla kontsideratzen duen jarrera, norbanakoaren une guztiak behin bakarrik bizi izatearen ideia ia obsesiboa, hitzen mistikotasuna eta kutsu profetikoa Ðez ahaztu Ezekiel eta Osses Israelgo profeta bi izen zirelaÐ eta, batez ere, mundua gazteen ikuspuntutik hartzea, hau da, galtzeko ezer gutxi eta irabazteko asko daukanaren posiziotik ikustea. Behin hori guztia esanda, aipatu beharra dut ene uste apalean ez gaudela ohiko antzezlan baten aurrean, errezitaldi poetiko baten aurrean baizik. Maila goreneko errezitaldia nahi baduzue, baina errezitaldia azken finean. Hain dira hauskorrak lengoaia eszenikoak bereizten dituzten hormak! Hain da hutsala ikuskizun bati etiketa bat edo bestea jartzea!Gauzak horrela, hobe dut neure burua musikan zentratzea, lehen esan bezala musika izan delako lan honetako ezinbesteko osagaia. Hasteko eta behin, nik Gorka Baskaranen bateria nabarmenduko nuke, haren dentsitate eta fintasunarengatik: segur aski bateria hori izango da Sagarroik eman digun kontzertu ederretik luzaroen gogoratuko dudan gauza. Haren ostean Iņigo Muguruzaren gitarra zehatza eta ņabardurez betea etorriko zen. Asier Ituarteren tronboiak dramaturgiak eskatzen zituen giro bereziak sortu ditu eta, betiko legez, baxuak (Carlos Zubikoa) beste guztiaren oinarria eraiki du, musika etengabeko elkarrizketan ibil zedin testuaren sendotasunarekin. g