antzezpen kritikak
< Menpekotasunak | Izan ala ez izan >
Heriotza errepikatuak
Agus Perez
Berria, 2004-10-28
“Kaputen kanta” + “Las tribulaciones de Virginia”

Konpainiak: Antzerkiola Imaginarioa / Oligor Anaiak. Lekuak: Bilborock aretoa / La Merced ikastetxea. Eguna: Urriak 26.

      Bilboko BAD jaialdian asteartean ikusitako lan bietan heriotza errepikatu batzuk ikusi ditugu, haien esangura eta funtzioa desberdinak izan arren emanaldi bietan.

      Antzerkiola Imaginarioko kideek hileta giroa prestatu dute beren azken produkziorako. Intsentsu usaina igartzen dugu aretoko airean eta kandelak piztuta daude besaulkien arteko korridoretik. Obrako protagonista biak ere doluz jantzita etorriko dira, baina barre artean eta umoretsu ariko dira emanaldian zehar, beraien heriotza eta beste askorena alaitasunez ospatuz.Izan ere, obra honen ikuspegiaren arabera bizitzak badauzka bere baitan heriotza edo zulo beltz batzuk, baina gauza pozgarritzat hartzen jakin behar dugu, etapa zaharrekin amaitu eta aro berrietara zabaltzen zaizkielako ateak. Jon Gerediaga Antzerkiolako ohiko idazleak Natxo Gomezekin batera sortutako testuak ildo horretatik doaz, mendebaldeko pentsamenduan errotuta dauden hainbat ideiari buelta emanez eta, betiko legez, euskarari maila jasoa eta argitasuna emanez.Testua da, hain zuzen, Kaputen kanta-ko ardatz nagusia, eta bere inguruan jiratzen dira Aitor Agirianok sortu edo moldatutako musika sorta eta antzezle/abeslari bien lana. Miriam K. Martxante eta Maria Urzelai dira ariketa eszeniko honetako protagonista bakarrak eta lau tresnaren laguntzarekin Đume hilkutxa, aterkia, biolina eta tronpetaĐ eusten diote biluztasun eszenikoari, ondo eutsi ere, nahiz eta ene ustez ekintza fisko edo gertakizun eszeniko gehiago tartekatu beharko liratekeen hitzaren nagusitasuna orekatu eta arintzeko.Gaueko bigarren emanaldian Oligor anaiak izeneko konpainiak eskaini zigun Las tribulaciones de Virginia (Virginiaren atakak) izeneko harribitxia. Tudelako lagunek 50 jesarleku duen karpa txiki-txikian aurkeztu zizkiguten Virginiaren heriotza errepikatuak, ametsek, ilusioek eta amodioek eraginak haiek guztiak. Guztiz berezia da Oligor anaien antzezteko era, interprete bakarrak alegiazko mundu batean murgiltzen gaituelako, argi, musika eta efektu berezi ezin apalagoak erabiliz, Virginia eta Valentinen bihotzen ibilbidea erakusteko. Gure aurretik, buruen gainetik eta oinen azpitik ez dakigu zenbat jostailu, automata eta panpina mekaniko mugituko diren, sorpresatik sorpresara goazelako protagonista bien istorio tragikoa zenbait ikuspegitatik ezagutuz.Muturreko sentsibilitatea azaleratzen duen muntaia zoragarri honek ikusle guztien emozioak piztu zituen. Haurtzarora itzultzen gaitu une askotan eta barne sentimendu puruak ateratzen ditu gugandik, tristezia, samurtasuna eta malenkonia, kasu.