Egileak: Arantxa Iturbe eta Agurtzane Intxaurraga Zuzendaria, eszenografia eta atrezzo arduraduna: Agurtzane Intxaurraga. Bideo Diseinua: Koldo Leniz. Argiztapena: Xabier Lozano. Jantziak: Ramon Garcia Zabalegi. Antzezlea: Mikel Laskurain. Lekua: Bermeoko Nestor Basterretxea aretoa. Eguna: Urtarrilaren 30a.
Iazko urtearen amaieran estreinatu zen Ixa antzezlana ikusi dugu pasa den ostiralean Bermeoko Nestor Basterretxea aretoan. Emanaldia hasi baino arinago, areto berriaren txukuntasunari begira nengoela, hara non hirugarren lerroko mutil bat ika-mika batean hasi zen antzerkia ikustera joandako andere batekin, ikuskizunaren hasiera berandutzen ari zelako edo.
Egia esan, guri bost axola emanaldia behingoz hasi edo bertan behera geratzen bazen ere, herriko andere eta gaztearen arteko berbaldia nahiko entretenigarria zen eta. Halako batean, baina, mutila zutundu eta eszenatokira igo zen antolamendukoek zor ei zioten dirua eskatzeko eta, bide batez, bere izena X zela esateko, hau da, antzezlanean zehar deskubrituko genuen ezezaguna. Hika antzerki taldearen azken sorkuntza honetan Mikel Laskurainek eroaten du emanaldiaren zama nagusia, bera delako Ixa izeneko pertsonaia eta eszena gainean dagoen aktore bakarra. Baina aktore bakarra izan arren, nik ez nuke esango antzezlan hau bakarrizketa hutsa denik, bakarrizketaren zentzu tradizionalean behintzat. Bai, egia da antzezle bat besterik ez dagoela eta berak bakarrik egiten duela berba, baina bakarlariaz aparte badaude taula gainean aitzakia edo girotze hutsa ez diren beste elementu batzuk, lan hau betiko bakarrizketetatik asko aldentzen dutenak. Hasteko eta behin, gaia bera dugu: Ixa bizitzaren olatuek kolpatutako galtzaile bat da, baina ez mundu zabaleko edozein galtzaile, baizik eta gurean bizi den bat. Bilboko Euskalduna ontziolak zarratu zituzteneko borroketan eta Prestige-k eragindako Nunca Mais protesta oldean ibilia da gure gizona, era batean edo bestean, eta horrek egiazko bihurtzen du kontakizuna eta hurbildu egiten gaitu pertsonaiarengana, nahiz eta bere itxura eta manera zabarrengatik prebentzio apur batekin hartzen dugun, hasiera batean. Lehen esan dudan bezala, bakarrizketan zehar tartekatzen diren beste elementuak Ðmusika, eszena gaineko objektuak eta bideo-irudiakÐ ez dira apaingarri soilak, baizik eta nortasun propioa duten eragileak. Izan ere, Hika taldeak itxuraz sinplea den lan konplexu bat eratu du muntaia honetan, betiko antzerkia, kale-antzerkiko teknikak eta kafe-antzerkiaren estiloa elkartuz, eta horrek asko aberasten du esandako elementuen eta aktore-lanaren arteko elkarreragina.