Bitxikeriak
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2002-04-19
“Urak dakarrena... glu-glu, glu-glu”

Egilea: Luis Fernandez. Egokitzapena: Kepa Gallego. Itzulpena: Ritxi Lizartza. Zuzendaria: Joxean Bengoetxea. Eszenografia eta jantziak: Esther Uria. Antzezlea: Esther Uria. Lekua: Basauriko Social antzokia. Data: Apirilak 17.

      Telebistako hainbat telesailetan eta antzerkian besteak beste Maskaradaren Ernesto izatearen garrantzia-n parte hartu ostean, bakarlari gisa agertu zaigu oraingoan Esther Uria.

Urak dakarrena... glu-glu, glu-glu izenburu bitxipean zer dagoen esatea ez da erraza, denetarik eta ezer ez aurkitu dezakegulako aldi berean. Taula gainean, lau elementu eskematiko ikusten ditugu: arropa esekitoki sinple bat, aulki altu bat eta kaxoi moduko pare bat, bata bestea baino altuagoa dena.

      Biluztasun horretan murgiltzen da Esther, emakume arrunt baten bizipenak gure aurrean biluzteko. Edo gurekin konpartitzeko agian, ikusleok garelako hasiera-hasieratik bere bakarrizketaren parte. Izan ere, antzezleak denbora osoan mantentzen du nolabaiteko elkarrizketa publikoarekin, konplizitate keinu ugariz homituz bere esaldiak eta galdera zuzenak eginez besaulki-patiora, gugandik erantzunik espero ez izanagatik.

 

      Erritmo biziko emanaldian testua da makalena

      Emanaldia erritmo bizian garatzen da, eta euskara aldetik primeran funtzionatzen du, nahiz eta aukera honetan Ritxi Lizartzak apur bat abusatu duen erdarazko esamolde jatorren erabilerarekin. Bestetik, nabarmentzekoa da asko zaindu direla xehetasun batzuk, hala nola hitzak keinu esanguratsuekin egoki lotzea, soinu-efektu lagungarriak eta argien maneiua.

      Testua bera dugu lan honetako alderik makalena. Nik uste dut bakarrizketa batek ez duela berez ezertan ere sakondu behar, batez ere bizitzaren alde normalez ari bagara. Baina bizitzaren alde normalez hitz egiteko baditugu tabernak, mendia, lagunak eta ezagunak.

      Nik behintzat zertxobait gehiago eskatzen diot antzerki testu bati, eta ez bakarrik ondo pasatzeko tarte bat eskaintzea. Bestela, antzezpena amaitutakoan, ondo pasatu dugula ezin uka, baina bitxikeria bilduma arrunt bat entzun izanaren sentsazioarekin geratzen gara, besterik ez.