“Volare”
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2001-10-28
“Anarkista baten ezusteko heriotza”

Lekua: Getxo Antzokia. Eguna: Urriak 25. Egilea: Dario Fo. Zuzendaria: Pere Planelia. Aktoreak: Aitor Mazo, Jose Ramon Soroiz, Ramon Ibarra, Ane Gabarain, Asier Hormaza, Kide Diaz de Rada.

      Berriz dago gure artean Morte accidentale di un anarchico lana. “Berriz” diotsuet, zeren Francoren osteko lehen urteetan hainbat taldek antzeztu baitzuten eszenatokietako harribitxi hau. Dena den, zortzi urte igaro dira azkena ikusi genuenetik —Barakaldo antzokian— eta beti da ona inkonformismoaren iturri sanotik edatea.

      Oraingo honetan, gainera, euskarazko bertsioa estreinatu dute Tentazio konpainiaren inguruan elkarturiko hainbat antzezlek, Pere Planella zuzendari katalanaren gidaritzapean.

      Sarreran banatzen duten La Repubblica egunkariaren itxurako faksimilean agertzen denez, Julia Marin arduratu da euskarazko bertsioaz, eta nabaria da egindako ahalegina zuzentasun eta naturaltasunaren arteko oreka konprometitua lortzeko, bai arlo idatzian bai ahoskeran.

      Aktore guztiek lan txukuna egiten dute eta agerikoa da denen arteko koordinazioa, baina haien artean bi suertatzen dira bereziki aipagarriak. Ohore tokian, duda barik, Jose Ramon Soroiz dago, bigarren mailako paper batekin oso pertsonaia interesgarria eratzen baitu, herri filosofian oinarrituta eta beti agintarien esanetara dagoena, badaezpada ere. Aitor Mazok, berriz, aukera ederra izan du bere gaitasun histrionikoa erakusteko, ero, epaile, militar eta ez dakit zer gehiagorena eginez.

      Baina Mazoren estiloa bat dator azken finean Pere Planellaren planteamenduarekin. Izan ere, zuzendariak komikotasunaren ildotik jo du argi eta garbi, berez fartsa politikoa den obrari komedia arinen kutsua emanez, adibidez Volare kanta famatu hura tartekatuz leiho tamalgarrira hurbiltzen diren bakoitzean. Niri behintzat ez zaizkit batere gustatzen horrelako moldaketa merkeak, baina berdin da, Foren zorroztasuna eta komikotasun garratza edozein modutan ere nagusituko direlako.