Egilea: Elvira Lindo. Konpainia: Hika. Zuzendaria: Jordi Mesalles. Aktoreak: Mikel Laskurain, Lierni Fresnedo. Lekua: Tolosako Leidor zinema. Data: Maiatzak 11.
Tolosako Leidor aretora sartzeko kalean ikusten zen jende ilara luzeak aurretiaz pentsatutakoa baieztatu zidan, hau da, Hika taldearen azken estreinaldiak nolabaiteko jakin-mina piztu duela zaletuengan.
Izan ere, hainbat elementu interesgarri elkartu dira estreinatu berri den Oihanaren legea obran, eta haietariko lehena egilea Elvira Lindo izatea da. Idazle madrildarra Manolito lau begiren liburuekin egin zen ezaguna, baina oraingo honetan antzerkirako propio idatzitako lan batekin etorri zaigu eta nagusien munduan murgildu gaitu, maitasun zimelduak satirizatuz, gizon batzuen harropuzkeriaz gupidarik gabe ironizatuz eta beste askoren ziztrinkeriak zeharo barregarri utziz.
Ohi duen legez, baina, egileak samurtasun itzelez tratatzen ditu berak sortutako pertsonaiak, eta jende xumearen ikuspegitik planteatzen ditu egoerak. Horren adibiderik onena zabor poltsa ateratzea bizitzako gauzarik interesgarriena duen emakume protagonistaren kasuan dugu, baina argumentua ez da jende arruntaren txikikerietan geratzen eta oso puntu polita lortzen du Indiana Jones itxurako maitaleak ordura arteko senar aspergarri eta grisaren jite berbera hartzean.
Aktore lana nagusi
Dena den, argumentu on eta berriztagarri batek, edota ondo eraikitako joko dramatiko batek, ez dute deus ere balio aktore lanik ezean eta horixe izan da, ene uste apalean, Hika teatroaren bigarren asmatzea.
Hain zuzen ere, lan honetarako Jordi Mesalles zuzendari katalana hartu dute, eta emaitzaren arabera argi dago bai berak, bai antzezle biek, jo eta ke jardun dutela pertsonaia sinesgarriak gorpuzteko, komiki kutsuari ondo baino hobeto eutsiz eta Lindok planteatutako egoera esperpentikoei bizia emanez.
Aktore lanaren aldetik, bereziki aipagarriak dira Lierni Fresnedok eratzen duen pertsonalitate aberats eta kementsua, eta Mikel Laskurainek jokaturiko hiru paperak. Ezen, egileak berak hala eskatuta, gizon berberak antzeztu behar ditu senarra eta amorantearen paperak, eta Mikelek bikain gauzatzen ditu esandako bien pertsonaiak, karakterizazio azkar eta sendo batek lagunduta, eta bere aktore-gaitasun sendoan oinarrituta.
Eta amaitzeko, ospatzeko modukoa da euskarazko benetako estreinaldi bat izatea (gaztelaniazko bertsioa Huescako Antzerki Ferian izango da, maiatzaren 26an) eta Ritxi Lizartzak Lindoren testua euskaratu izana, horrek euskararen duintasuna eta bizkortasuna ziurtatzen baititu aldi berean. Eremu eszenikoari eta jantziei begira, ordea, nik maila artistikorik eza antzematen diet biei, baina, bestaldetik, taldearen betiko ezaugarria izan da estetikaren zorroztasun falta eta, aipatutako balioen aurrean, hutsaren hurrengoa izan daiteke nire gustukoa izan ez den alderdi hori.