antzezpen kritikak
< Amaitzear dago | Bikoteen kezketan, koxka >
Mundu bat algarara bildu
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2001-03-15
“Komeriaka”

Ekoizleak: Korrika Kulturala eta Tentazioa. Aktoreak: Ramon Agirre, Maiken Beitia, Pantxo Hirigai, Jose Ramon Soroiz, Iņaki Beraetxe, Loli Astoreka, Mikel Martinez eta Patxo Telleria. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Data: Martxoak 13.

      Korrika eta presaka etorri naiz etxera. Korrika eta presaka, 12. Korrika ospatzeko prestatu den Komeriaka ikuskizuna ikusi eta berehala, zerbait idatzi behar omen dudalako Bilboko Arriaga antzokian hasi eta hila amaitu arte Euskal Herriko beste lau tokitan izango den ekitaldiaz.

      Hasteko eta behin, zer esango nizueke, lagunok, primeran pasatu dudala eta produktu erabat biribila dela komentatzeaz gain? Egia esan, horren beldur naiz, zeren gero denon ahotan dago euskararen inguruko produktuen aurrean beti eskuzabal jokatzen dugula, eta hau eta bestea... Horrelako gauzetan pentsatzen nengoela ez dakit zenbat denbora galdu dudan, erdi paralizatuta pantaila zuriaren aurrean, tarteka-marteka emanaldiaren momentu gozagarriak behin eta berriro etortzen zitzaizkidala burura.

Baina azkenean, “Tira, ba!” —esan diot neure buru zalantzatiari— “hasi behingoan idazten edo Egunkariatik botako zaituzte”. Eta segituan hasiko naiz esaten bete-betean asmatu dutela Korrika Kultural eta Tentaziokoek, hala jatorrizko ideian nola produktuari eman beharreko formatuan, arintasuna, dudaz kanpoko kalitatea eta euskararen gaineko denon bizipenen ikuspegi zabala plazaratzea lortu dutelako.

 

      Euskararen inguruko bizipenak

      Izan ere, euskararen inguruko bizipenak dira ikuskariaren funtsa eta mamia, eta haiei esker parada ederra dugu euskarak gugan izan duen eraginaz konturatzeko, Europako hizkuntzarik zaharrenak bizi dituen egoera ezberdinez jabetzeko eta, batez ere, euskara ikasteak ekartzen dituen nekeak eta gozamenak gogoratzeko.

      Ildo horretatik, ezin hobetzat jo daiteke Mikel Martinez eta Patxo Telleriaren aukeraketa aurkezle gisa (azken horrek antzezle gehienen gidoiak eta aurkezleena ere idatzi ditu), izugarri basatiak eta ikusleenganako hurbilak baitira. Jakina da bien artean egundoko bikote komikoa osatzen dutela, eta bereziki eskertzen diet fintasunari eta umoreari uneoro eutsi izana.

      Aktoreei dagokienez, Bilboko kasuan, Ramon Agirreri tokatu zaio hasierako txanda, eta, berak idatziriko gidoiari jarraiki, primeran bete du antzezle despistatuaren rola. Maiken Beitiak ederki islatu ditu euskaldun berriok gure lehen berbak esateko izan ditugun dardarak, eta Pantxo Hirigarairen berbaldi dibertigarrian Iparraldekoek Hegoaldekoon doinua eta hizkera nola entzuten dituzten ulertu dugu. Gero, Jose Ramon Soroizek eta Iņaki Beraetxek batak nortasun anitzak eta besteak ile luzearekin izandako harreman korapilatsuak azaldu dizkigute. Eta azkenik, gustura egin dugu barre Loli Astorekarekin, euskaldun zaharrek euskara batuaren etorrera nola bizi zuten entzutean.

      Amaitzeko, lagunok, aipamen berezi bat egin nahiko nuke Zur-e Gura izeneko orkestra txikiaren kontura. Hain zuzen ere, bandako sei kideek sortutako euskal jazz kutsuko doinuak izan dira hitzaren kontrapuntua, eta haiei esker lortu da emanaldiak bizitasun berezi bat hartzea eta gure kulturaren zabaltasunaren isla ematea.