Zinezko antzerki lan bat
Mattin Irigoien
Euskaldunon Egunkaria, 2000-05-23
“Doktor Novartis”

Taldea: Garaziko lizeoko antzerki taldea. Idazlea: Antton Luku. Emanaldiak: Apirilaren 30ean eta 31n Izpurako Fauxtin Benta Berri gelan, eta maiatzaren 6an Baigorriko Bil-Etxean. Ikusle kopurua: Guztira 600 lagun.

      Azken sei urteetan, Garaziko lizeoko ikasleek eta beren antzerki eta euskara irakasle den Antton Lukuk ohituak gaituzte... beren ezohikoeri.

      Doktor Novartis zientzialari gaixo baten istorioa da. Bere zientzi gaitasunak biziaren misterioaren zilatzerat ekarriko du. Eta Jainkoa balitz bezala, biziaren kreatzen hasiko da. Bistakoa, lagunek beti galarazten baigaituzte, bera, Monsantok du engainatuko... Utopia infernu bilakatuko da, natura guztia desorekatuko, eritasun lanjerosenak mahaitik ahoratuko ditugu... Hots, jatekoa dutenak, jatekotik hilen dira eta gosez zeudenek gosez hiltzen jarraituko dute. Ze lastima paradisua hain eder (hurbil) zitekeelarik...

 

      Gaurko gaia

      Gaia, ohartu zirezte, gaurkoa da, pil-pilean diren horietarik. Jitez aldatu janariak lanjerosak direa? Baliatzerat utzi behar direa lanjerosak ez direla frogatu ez deno? Zientzia multinazional batzuen probetxurako baizik ikertzerat utzi behar dea?... eta horrelako hainbat galderez gogoetarazi gaituzte... Baina besterik ere. Ustezko aitzinamenduak gor datzen dituen putarretaz, ustezko aitzinamenduaren alde mintzatzen diren lagunetaz mesfidatu beharraz, neska polit baten larruan agertzen direnean oraino gehiago mesfidatu beharraz, irakaslea eta maisuaren arteko diferentziaz, ahantzi ginituen hainbat belar tzarren izenetaz, bi laborari sindikatutako kideen estereotipoetaz, mundu honen erokeriaz, Hiesak duen denbora guztiaz eta ingeles hizkuntzaren interesaz... besteak beste.

      Gai guztiak naturalki eta deplauki tratatuak dira gazte horiengandik. Suposatzen du gibelean lan bat egina izan dela, pentsaketa lan bat, ikerketa, informazio bilatze, adibide edo etsenplu xerkatze, nork bere esperientziatik, ideien trukatze eta eztabaidatze lan bat. Anttonen estiloa nabarmentzen bada ere (normala den bezala bera izanik joko zuzendari eta idazle), ematen du jokolariak ez direla sekula jenatuak gaia ez ulertua izanik.

      Dena asumitzen dute. Eta konbikzioz eta errealismoz jokatzen. Beren moldean, beren adin eta begien araberako moldean, isurtzen dizkigute irakaslearekin xurgatu azido ttorttak.

      Nola atxiki haria bestela hogeita bost rolez goiti egin behar direnean bederatziren artean? Erritmo bizienean, kasik beti han edo hor zerbait ari, antzerkia hiru planotan bederen ematen delarik. Hau beste berritasun bat da taula gaina. Aitzina, bekan baliatua, gaiak gizartean dituen efektuen erakusteko uneentzat. Ezker, aldamu batzuen gainean laborategia.

      Eta zolan, mihise zuri baten aitzinean, argi azkar batzuen pean, ikerlariaren mikroskopioan ikus daitezkeenen jokatzeko tokia. Ahantzi gabe mihise zurian, bestelako irudi, idazki eta mugimenduak agertzen direla jokolarien jokoarekin batean bi retrofokuen efektua dela medio.

      Argi da zinemaren hatsa hor dabilela. Erreferentziak usu hortik datoz (musikak eta solasak), baina bi planotan gertakari beretik bi jokaldi egitea eta horrelakoak ere zinematik datozkigu. Osagai guztiek, dela argi joko, musika ttintta, retrofokuen itzalargi eta jokolari ausart, denek elkar osatu dute antzerkiak funtziona dezan lagunduz. Bakarrik hastapeneko eta amaitzeko agerraldiak —zoinek irudikatzen zuten Novartisen aurkikuntzaren eta Monsantoren maltzurkeriaren ondorio kaltegarriak nolakoak ziren— zaizkit, ez gaian baina moldean, istoriotik deskonektatuak agertu. Itzal bat atzeman behar balitz...

      Horiek hola, berriz ere zinezko antzerki lan baten eremaiten ari izan zaizkigu Garaziko lizeokoak. Eta orain diferentzia zein den badakigunez, gorantziak bereri eta maisu duten irakasleari.