Konpainia: Iduzkilore. Lekua: Aulestiko frontoia. Eguna: Apirilak 10.
Urteetan zehar ohikoa bihurtu da Aulestiko Antzerki Topaketetan Iparraldeko antzezleen presentzia, eta aurtengo edizioan Iduzkilore antzerki taldeak Telesforo Monzonen Hazparneko anderea ekarri du Ander Lipusen zuzendaritzapean.
Monzonen figura ezaguna da bere ibilbide politiko oparoarengatik, baina haren itzal luzea beste esparru batzuetan ere proiektatzen da, eta erbesteko urteetan sartu-irten batzuk egin zituen literaturan, txikitako euskara galdua nagusitan berreskuratu ostean. Hazparneko anderea-ren kasuan egileak Moliereren Les femmes savantes oinarritzat hartu eta euskarara ekarri zuen, bertsotan, jatorrizko obraren planteamendua geure parametroetara egokituz eta, horren bidez, gure inguruko kulturek sortzen diguten akulturazioa salatuz. Beraz, komedia itxura duenak gure gaineko tragedia azaleratzen du, Moliereren betiko izpirituari fidel izanik.
Gazte bikotearen amodio debekatuak argumentuaren muina eratzen du, baina horren inguruan pertsonaia asko mugituko dira, boteretsuen faltsukeriak barregarri utziz eta herri xehearen noblezia azpimarratuz. Betiere Moliereren bidetik, gupidarik gabe parodiatzen dira protagonista batzuen bizio eta gabeziak, hala nola emaztearen anbizio neurrigabea, senarraren ahultasun patetikoa eta izebaren muturreko puritanismoa, baina argumentuan zehar bertako aberatsek frantziar zein espainiar botereari dioten miresmena nagusitzen da bereziki.
Iduzkilore taldeko kideek bazekiten zertaz ari ziren muntaiaren zuzendaritza Ander Lipusi enkargatu ziotenean. Nik ez dakit noiz arte esan behar diogun amateur edo herri antzerki talde honen kalitate bikainari, baina Lipus espezialista da herritar xeheak antzezle on bilakatzen eta munta handiko proiektuetan txertatzen, Piarres Larzabelen Ibaņeta-n —Haize berri taldearekin— edota Joseba Sarrionandiaren Biba zorrixen izurritie!-n —Abarka taldearekin— gertatu zen bezala.
Xede horri begira, sare baten atzean egon dira antzezleak itxarote denboretan, arau sozialetan harrapatuta baleude bezala, eta ekintzak eskatu ahala irten dira handik jendaurrera. Sare barruko egonaldietan musikariak inguratu dituzte aktoreek, musikak eszenaratzean eduki duen zentraltasuna sinbolikoki adieraziz. Agerraldiak ere ez dira taula gainekora mugatu, eta frontoiko bazterrak eta ikusleen arteko lerroak ere baliatu dira emanaldiaren bizitasuna eta ikusleekiko harremana areagotzeko.
Disposizio eszeniko horrek antzezle guztien ahoskera eta presentzia garbiak nabarmendu ditu, eta antzezleek ez dute ohiko aktore itxurarik agertu, herritar arruntena baizik, horrela azpimarratuz emanaldiaren herri izaera. Bestalde, Lipusek fartsa izaera eman dio lanari, eta bete-betean asmatu du guztien sudur puntak gorriz margotuta. Jantziek eta karakterizazioek ere fartsa eite hori indartu dute, eta Aulestiko frontoia betetzen zuten ikusleek berotasun handiz eskertu dute klasiko hau kemen berriarekin berreskuratu izana.