Testuaren egilea: Xabier Diaz Esarte. Taldea: Nafarroako Antzerki Eskolako ikasleak. Zuzendaritza: Maria Jose Sagues. Laguntzailea: Belen Alvarez. Ikusitako emanaldia: Irailaren 25ekoa. Estrenaldia. Tokia: Nafarroako Antzerki Eskola. Asistentzia: Areto erdia. Iraupena Ordu bat eta hamar minutu.
Euskarazko lan hau Antzerki Eskolak eta Iruņeko Udalak antolatutako testu lehiaketaren emaitza dugu. Baina iazko sariketaren emaitza, urtebeteko aldea baitago saria ematetik taula gainean ikusi arte. Ia-ia jokoz kanpo harrapatzen gaitu urtez urte: irabazlea nor den esan eta handik egun gutxitara, San Fermin Txikin, iragan den urteko lan saritua estreinatzen dute. Hala ere, atzerapen eta guzti, ongi etor dadila.
Aurtengo lana, gainera, nahiko txukuna izan da.
— Lehen urratsa: Galbaheketa. Xabier Diaz Esarteren testuak ideia polita du oinarri: jolasean aritzeko, gozatzeko ez da gauza anitz izan behar, irudimena baita garrantzizkoena. Hizkuntza ere aberats eta zuzena, nahiz eta hainbatetan oso ageriko esan mezuak, argiegi. Testua interesgarria da baina luzeegia. Lan ederra izan dute Antzerki Eskolakoek obra arintzeko, eta, hala ere, pasarte anixkoetan nagusitu egiten da testua, hau da, hitzez kontatua, ekintzaz adierazitakoaren gainetik. Hitz batez esanda: tar-tar-tar baina deus gutxi gertatzen da. Musika ere batzuetan ezegokia suertatzen da: motelegia.
— Teknika: Argi Beltzarena, arras ikusgarria, oso esker onekoa baina zaila aldi berean. Zalantzarik gabe oso teknika egokia, jostailuak bizidun bihurtzen diren obra honetarako. Gauzaki erraldoi eta koloretsuak airean dabiltza ia denbora osoan. Oso ongi dago hori, baina (hemen ere badago baina bat) etekin handiagoa ateratzen ahal zioten horri. Badakigu, berez, bitxiak eta ikusgarriak direla horrela argitutako elementu fosforeszenteak; hori, ordea, ez da nahikoa izaten, eta antzezlan honetan hala gertatzen da zenbait unetan: alaitasun falta.
— Aktoreak: ongi oro har. Patrizia Eneriz eta David Larraiotzek erakutsi zuten esperientzia luzeagoa dutela edo, behintzat, gustura zebiltzala eszenatokian, ahotsa, gorputza eta elemerituak oso ongi erabiliz. Beste hiruren kasuan —Sofia Diez, Luis Maria Rodriguez eta Pablo Salaberri—, nabaria zen ez zutela lan honek eskatzen duen horrenbesteko askatasuna. Nerbioak ote?
Dena den, antzezlana oso gustura ikusten da. Oso atseginak eta ongi eginak dira jostailu koloretsuak. Kontuan hartu beharra dago, bestalde, hemen komentatzen ari garen emankizuna estrenaldia izan zela, eta horrelakoetan ilusioa eta gogoak nahastu egiten dira urduritasuna eta segurtasun faltarekin. Horregatik, agian, Izaniko arazotxo horiek. Lau emanaldi eskaini zituzten asteburu hartan, eta gerta daiteke Eguberrietan ere goizez egitea zenbait egunez. Hala izanen balitz, helduago ikusiko genuke, bai, fruitua.
Emankizun honetaz haratago joanda, esan behar da Ez geratu jokoz kanpo lan hau, zalantzarik gabe, ona, berria, freskoa eta publiko zorrotzarentzat gogoz egina dela.