Mendekua
Javier A. Alvarado
Euskaldunon Egunkaria, 1995-03-03
“Ernesto izatearen garrantzia”

Izenburua: “La importancia de llamarse Ernesto”. Egilea: Oscar Wilde. Euskarazko bertsioa: Patxo Telleria. Erdarazko bertsioa: Alfonso eta Jose Sastre. Taldea: Maskarada. Zuzendaritza, egokitzapena, eszenografia: Carlos Panera. Jantziak: Aitor Mazo. Argiztaketa: Jon Mesperuza. Antzezleak: Asier Hormaza, Jokin Oregi, Aitor Argote, Esther Uria, Ana Aseginolaza, Eneritz Artetxe, Xegundo Altolagirre; Maite Arrese. Non: Gasteizko Principal antzokian. Noiz: Otsailaren 27an.

      Guztiz adierazgarria eta argigarria litzateke duela 100 urteko Ingalaterrako viktoriar gizartean zeuden arte bilgune eta zentroetara joan eta entzun ahal izatea berorietan Oscar Wilderen obraz eta pertsonaz esaten zutena.

      Dudarik gabe, bere etsairik porrokatuenek libertinoa eta lotsagabea ez ezik homosexuala eta gazteen usteltzailea ere zela erabiliko zuten (geroago, zoritxarrez eta arrakastaz, egingo zuten bezala) belzteko eta anatemizatzeko ez bakarrik —esan dugun bezala— gizartean jokatzeko zuen era berezia, baita bere jarduera artistikoa ere.

      Oscar Wilde (1854-1900) bere kideko aberatsen ustez, batez ere eta beste ezer baino lehen, eskergabea zen eta, nahi bada, traidorea “hezi” zuen eta bere bizitzako une jakin batean literatur sorkuntzaren munduan nabarmen gora egitea ahalbidetu zion klasearentzat.

      Wildek, geldigaitz, gutxi bezain burutsu eta mota guztietako eztabaida eta polemiketan ezinbesteko bihurtzen zuen izugarrizko etorriaren jabe, bi aldi sortzaile izan zituen —nolabait esateko— eta horiek kontraesankorrak izan ez baziren ere (inondik ere ez ziren izan eta) aski desberdinak eta denboran aldenduak izan zituen.

      Lehendabizi eta, beraiek zioten bezala, “artea arteagatik” sortzea lehentasunezkoa zen joera kasik erabat estetizista batek eraginda, bere jeinua kontakizunak, ipuinak, saiakerak eta poesiak sortzera bideratu zuen eta horietan gehienetan ez ziren agertu geroztiko produkzioaren —batez ere arlo dramatikoan egindakoaren— ezaugarri izan ziren ironia gogorra eta sarkasmo kritikoa.

      “Ernesto izatearen garrantzia”, agian idazle ingelesak idatzitako lan dramatikorik onena, Wilderi bizitzea eta jasatea (Oscar Wilde Frantzian exiliatuta hil zen bere herrian 2 urteko kondena injustua bete ondoren) egokitu zitzaion gizartearen ezaugarri izan ziren balore erreakzionarioen aurkako aldarrikapen fin baina erabatekoa da.

      Alde teknikotik erreparatuta, esan liteke obra hau endredoko komedia kostunbrista dela eta bertan pertsonaiak maitasun debekatuak, engainuak eta itxurak nagusi diren istorio errokanbolesko batean murgilduta ageri d,ira. Horren bidez, begi-bistan gelditzen dira duela 100 urteko Ingalaterrako gizartean klase nagusiek dosi handitan bereizgarri zituzten hipokresia eta klasismo zentzugabea.

      Maskaradakoek —oraingo honetan Carlos Panerak zuzenduta— eskaini zuten bertsioa, bestalde, duela urte asko Alfonso eta Jose Sastre anaiek obra horretaz egindako itzulpen bikainean zegoen oinarrituta.

      Testu horrek egileak originalean jarritako freskotasun osoa, ironia eta ateraldi bihurriak gordetzen ditu. Testua, gainera, funtsezkoa da eta ez bakarrik obraren baitako balioagatik, baita geroago Surrealismoaren edo Absurduaren Teatroaren gisako mugimenduetan sartutako dramaturgoek oparo erabiliko zituzten bide berriak jorratzea (batez ere proposatutako ekintza dramatikoen amaiera komikoetan) ekarri zuelako ere.

      Maskaradaren muntaiak bereziki egokiak eta plastikoki akatsik gabeak diren konposizio eszenikoa, girotzea eta atrezzo-a erabiltzen ditu. Besterik da banaketako aktoreek testuari aurre egiteko orduan egindako lana, gure ustez ez baitzuten behar adinako laguntza izan edo ez zituzten era egokian zuzendu. Gure iritziz, obra hau taularatzeak badu arazo bat, alegia beharrezkoa dela egokiro nahastea, alde batetik, testuak erruz eskaintzen dituen ironia eta sarkasmoa eta, bestetik, edozein komedia kostunbristak eskatzen duen gutxieneko egiantzekotasuna. Aktoreen jarrerak, tonuak eta dikzio hutsak (nahiko desberdinak beren errendimenduetan) lar antzeztera jo zuten, batez ere lehenengo ekitaldian; horretara, bazirudien aktoreak eta testuak elkar lagundu edo osatu beharrean beraien artean oldar betean ari zirela borrokan.

      Nolanahi ere, istorioa publikoarengana jatorrizkoak duen argitasun eta indarrarekin iritsi zen eta, horrenbestez, aukera eman zuen jendeak ikuskizuna interesez jarraitu eta une atsegina pasatzeko. Gure iritziz, bereziki azpimarragarria izan zen Ana Aseginolazak Lady Bracknellen paperean egindako lana, eredugarria izan baitzen hain pertsonaia berezi horrengana zuzentasun eta “naturaltasunez” hurbiltzeko egin zuen ahalegina.