Taldea: Jake Mate. Egilea: Talde lana. Musika: Pablo Lasa. Egunak: Otsailaren 6tik 13ra. Tokia: Antzoki Zaharra.
Patrika arakatzen duk/n. Txanpon zaratatxoa entzuten duk/n. Bost edo hogei duroko txanpona atera duk/n (berdin zaharrak edo oraingo mikroskopikoak, denek balio dute). Tabernako txokoan dagoen telebista berezi horretara hurbiltzen haiz eta, ia automatikoki, bertan dagoen zirrikirotik behera bidaltzen duk/n erregea. Ia automatikoki ere, giza irudi batez markatutako botoia sakatzen dun/k.
Palankatxoari heldu esku batez eta besteaz ondoko botoiari zanpa eta zanpa.
Hasi da jokoa. Ingurukoak ahaztu. Errealitatea, hire begien aurrean hi akatu nahian dabiltzan martzianito madarikatu horiek osatzen dute. Edo bere lekutxoan jarri nahi ez diren puzzle zatiak. Ziztu bizian doa kotxea hire kontrolpetik alde egin nahian; kontuz, harritzarra bide erdian! Ezkerrak ez dunala errepide hontatik pasatzen haizean lehengo aldia.
Bideojokoak dira. Patrika zulatzaileak. Poteoaren erritmo puskatzaileak.
Haurren denbora jaleak. Neska mutikoen bidaia lagunak. Jolas programatuak.
Bideojokoak gure gizartearen errealitatea dugu, ez da beraz harritzeko antzerkian ere bere isla izatea, zinean izan duten bezala. Ez da harritzekoa ere agerpen hori izpiritu kritiko baten ikuspegitik egitea. Eta, noski, ezin gaitu harritu haurrei zuzendua izatea gai honen inguruko ikuskaria. Beraz Errenteriako Jake Mate antzerki kolektiboak boleto guztiak, beno ia guztiak, zituen honen inguruan zerbait egiteko, izan ere talde honen antzerki bidea, sortu zen une beretik, gizartean beraien ustez kritikagarriak diren gaiak eszenaren gainean jartzea izan da. Beraien ikuskariekin edo herri mailan antolatutako unez uneko gaien inguruan antzerkia gizartearen injustizien, txarkerien salatari gisa erabili izan ohi dute.
“Joku Moku” ikuskariarekin bideojokoen mundua salatu nahi izan dute eta hauen inguruan eztabaida sorrarazi haurren jolasteko eta tradizionalen galtzeaz.
“Joku Moku” bideo makina da, “munduko bikainena”. Jolasik puntakoenak, “Jokin mutarien kontra” eta “Miniolinpiada” dira. Hainbat pertsonaia ikusiko dugu igarotzen; abentura ikusgarriak bizitzen. Baina, ai ene, halako batean makinaren matxuraren bat medio bideo makinako pertsonaiek ezin dute jolasten jarraitu. Hau dela eta jolasteko beste modu batzuk bilatu beharko dituzte eta makinatik irtengo dira.
Irudimena eta beraien arteko eztabaidak bideratuz errealitate berriak asmatu eta deskubrituko dituzte.
Ikuskari koloretsua eta bizia da aurkezten digutena oreretarrek. Talde aberatsa ez dela berehala antzematen da, darabilten medio urriak ikusita. Behar dutena baino ez dute erabiltzen. Ekintzetan, jokoetan, interpretazioan uzten dute antzezlanaren pisua. Berehala antzematen da ere kalean, leku irekietan egiteko espektakulua dela. Antzoki Zaharra ez zen lekurik egokiena berarekin disfrutatzeko, baina horregatik publikoak ez zuen gutxiago gozatu.
Proposamen interesgarri eta bizia iruditu zait. Ikusleak, haurrak zein helduak, berehala heltzen dio eszenatokitik eskaintzen zaion jokoari. Horretan ezin esan ikuslea aspertuko denik. Une politak lortzen dituzte, non irribarrea naturalki irteten zaion publikoari. Bideo jokoak aurkezteko eta garatzeko modua majo lortzen dute, giroa ondo islatuz. Honetan garrantzia handia hartzen du musikak. Pablo Lasak musikagile lezoarrak doinu elektronikoen bidez bideo jokoen SOINU bandak ederki islatzen jakin izan du, eta ikuskariaren alde garrantzitsua osatzen dute bere konposaketek. Ekoizpenaren bigarren zatian, makina matxuratu eta gero, ikuslearekin zuzenean jokatzen dute eta ekintza eszenatokitik jendeartera eramatearekin festa giroa jartzea lortzen dute.
Dena dela badira puntu batzuk zuzendu beharko lituzketenak. Pertsonaiak gehiago definitu behar dituzte. Askotan istorioaren gehiegizko garrantzia pertsonaien zirriborratzea ekartzen du. Aktoreen lanean gehiago sakondu behar dutelakoan nago. Baita ere erritmoaren aldetik gorabeherak dituzte, bideo jokoen eszenatan batez ere. Indar eta bizitasun gehiago izan zezakeen istorioa ahultzen uzten dute batzuetan.
Errealitate bat islatzen saiatzen den ikuskariaren aurrean gaude, kritikoa, bizia, denbora pasatzekoa eta, bide batez, makinatxo madarikatu horien aurrean jartzerakoan hausnarketarako gonbita egiten diguna.
Kaguenlaletxe! Eliminatu naute. Eta ez daukat txanpon gehiagorik jolasten jarraitzeko... Hara! Begira non sartu den; ea zer berri kontatzen didan, eta agian ausartuko naiz... eta antzerkira gonbidatu, eta gero...