Antzerki Taldeak: Teatro Zanguango: “Macanas Argentinas”, Korrusko de Pan: “No pasen que venimos”, Hika: “Ongi etorri, etsai”, Trapu Zaharra: “Visto y no visto”, eta Geroa: “Rezagados”. Hiria: Donostia. Eguna: Aste Nagusian zehar.
Pil-pilean, puri-purian dagoen Bilboko Aste Nagusian bada garaia, proportzioa, tenorea Donostiakoan ikusi genuen kale-antzerkiari astintze bat emateko. Jipoia emango diegu batzuei, laztan txikia beste gutxiri ere.
Lehenengoz eta behin, punttu bat aipagarri eta azpimarratu modukoa: ez dira gauza bera Lekeition izaten den kale jaialdia eta Bulebarra, Donostiakoa, abuztuaren 1 ln arratsaldeko zortzietan. Lekeitioko karriketan daudenek badakite teatroa izango dutela ikusgai eta horretara, prexixo, dira joanak.
Hemen, berriz, nahaste-borrastea da. Alde batetik, su-jaleak. Bestetik, Karaoke ditxoso horrekin kantu saioetan dihardutenak. Bestalde, Amerika osotik etorritako indioak musikan trebe. Hortxe txirrindulari talde berri baten autobus publizitarioa. Izkina hartan “giza-eskultura” serio eta harrigarriak eta, udaletxearen parean, Alcasserko neska zorigaiztokoetako baten aita sinaduren bila.
Horrela izanik, ez dago zentzuzko lanik egiterik. Eskarmentu handikoa izan behar kanpotik datozen, kanpoan dauden elementu arrotz guzti horien jabe eta menperatzaile izateko. Eta izanda ere, zaila eta desegokia mami handiko ikuskaria eskaintzea.
Zer dela eta diot esan dudana? Hikak aurkezturiko lanaz ari naiz. Suertea txarra izan zuten egixe. Manifestazio guztiak ondotik pasa zitzaizkien. Aldamenean zirenen musikek ozenki jarduten zuten saioaren bitartean. Baina, horretaz gain, “Bienbenido, enemigo” delakoa ez zen aproposa Aste Nagusiaren girorako. Kultura ofiziala, herri-kultura gaitzat harturik, paiaso eta Ardantzaren plantak egiten zituen latex-ko giza-panpina, jigante goxoak eta dultzaineroak...gehiegiegi mikrofonorik ez dabilenean...Aparte, gauza bat komentatu behar. Hemen ala leku egokiago batean, lanari dena falta zaio: indarra, gidoi itxurosoa, norabidea...
Kurrusko de Pan izeneko taldeak eskaini ziguna ez zen inolaz ere, inondik ere antzerki lan bat, desastre huts, pobre eta tristea baizik. Munstroak eta seņoritie aurkezlea. Zertarako, zergatik zeuden hor inork ez zuen asmatu. “Macanas argentinas” hark bazuen askatasuna eta tangoak ematen duen atrebentzia eta mugitzeko aukera.
Trapu Zaharrekoek kaleak jarritako enbidoari eman zioten erantzun taiuzkoa “Visto y no visto”k, hiru musikari sasi itsuren kontakizunak, badaki kaleaz eta kaletarrez baliatzen. Istorioa huskeria bada ere, izugarriak diradenak Avenida eta Alderdi Ederreko zati guztiak menperatzen, aprobetxatzen. Hortxe baietz, aurkitu genuela eszenariorik gabeko teatroaren sekretua.
“Rezagados”, Geroarena, bada lan majoa. Hiru txirrindulari, tropelekoak, hitz aspertu batean baina La Bretxan, gauerdian; ez zuten “sprint” ederra egiteko esku hartze handirik.
Laburbilduz, kontuz jaietan eta jaietarako sortu eta eskaintzen den antzerkiaz. Lan txikiak izan behar. Kontrolatzeko errazak. Tramankulu gutxi erabiltzen dituztenak. Taldekide gutxikoak, sotilak. Zorrotzak baina pozoia istant batez jaurtitzen duten horietakoak. Hori edota kristoren eskarmentukoa izan eta “Kalea nirea da” egiatan eta sasoiz esan.