Taldea. Maskarada taldea. Egilea: Bernardo Atxaga. Egokipena: Patxo Telleria. Aktoreak: Iņaki Agirre, Maite Arrese, Aitor Argote. Zuzendaria: Karlos Panera. Eszenografia: Ana Irigoien. Jantziak: Ana Irigoien, Maribi Garitaonaindia. Tokia: Bermeoko Erzilla Antzokia. Data: Abenduaren 29a.
“E alora la funzione va a comenzare! Eutsi respirazione, ez parlere, ez irentsi txisturik, ez mugitu dil posto, ez txiklerik mascare! Zuekin il piu grande ekiiibrista dil mondo. Avanti maisu Piarres Champignon!”. Horrelako hitz bereziek sartzen gaituzte Maskaradaren azken lanean. “Logalea zeukan ekilibristaren kasua” Bernardo Atxagak idatzi zuen duela hamar urte baino gehiago, eta orain taularatu egin da, Maskarada taldeak zenbait moldaketa egin ondoren eszenatokietara eramateko.
Funtzioa hasten den momentuan ikusten dugun lehena haurrentzako lan bat da. Baina hau ikusten dugun lehena besterik ez da. Atxagak berak dioenez, “...ttiki hauek ikus dezaketen arren, apur bat handiagoentzat V pentsatua dago. Sakontasun puntu bat, argi eta garbi, eta bertan metafora unibertsal baten tratamendu berri bat eskaintzen da, “bizitza ametsa da” metaforarena, hain zuzen”. Bernardo Atxagaren testuarekin jarraitzearren, nabariak dira testu osoan zehar ere euskarazko hitzak eta beste hizkuntz batzuen tartekatzea, etengabeko jolasa, hizkuntz desberdinen elkarrizketa. Benetan arraroa egiten zaigu iparramerikar edo italiar bat esate baterako euskaraz hitz egitea. Halako gauzak antzezlan honetan entzutean umeak eta helduak hobeto konturatzen gara gure hizkuntza ez dagoela bakarrik mundu honetan. Eta erlazio horretatik akordu asko sortzen dira. Onenetariko bat: “Sleeping zaude!” pilotoak ekilibristari esaten dioenean.
Ikuskizunaren aldetik, Maskarada taldeak erakutsi du berriro formato txikiko muntaia honekin bere antzezteko gaitasuna. Kasu honetan gainera baliabide eta teknika ugari erabiltzen dituzte erabateko maitasun batez. Gure arreta ez da inoiz galtzen, beti gaude gauza eta irudi berriak ikusten. Agertzen den teknika ikusgarriena Pragako teatro beltzarena da, batez ere ametsen mundua aurkezteko. Aipatzekoak dira ere panpinak, itzalak, diapositiba mugikorrak, objektuen antzerkia... eta musika. Ez dadila ezer falta! Elementu guzti hauekin zirkuko zuzendaria den Banbolini jaunak, Pierres Champignonek eta Maria Txorakerik garatuko dituzte elkarrizketa eta ideia erotuak ekilibristak bere logalerako konponbidea lortu arte.