antzezpen kritikak
< Ezetzak baieztatzen du | 2020-PAM >
“Collagea”-ren bila
Ignacio Arakistain
Uztarria, 2020-11-06
“Urruna”

 

      Hitzek duten boterea eztabaidaezina da. Horiekin inguruan daukagun oro gorpuzten dugu, erlazioak ezartzen ditugu eta helarazi nahi duguna ikur, sintagma ulergarri bilakatzen dugu. Hala ere, eta ugaritan entzun ohi dugun bezala, irudi baten indarrak mila hitzen beharra ase dezake. Irudiz eta paisaiaz josirik etorri zaizkigu Gasteiztik, urte beteko bizitza kreatiboa duen Dinamoko gorputzaren eremura, Tripak taldeko lagunak. Eremu paregabea, dudarik gabe, gorputz hizkuntza probestuz eraikitzen duten antzezlana eskaintzeko.

      Urruna (lanaren izenburua) zein lurruna, bertara sartu ordurako gure maskaradun aurpegiak erabat kondentsatu dituena, kearen magia bereziak geroago aurkeztuko ziguten atmosfera aurreratu nahi zigun. Bigarren astearen preludiotzat, eszenaratze modu desberdin bat, kontakizun narratibotik aldentzen den pieza bat, sortzaileen hitzetan. Asmoak eta nahiak begibistan ziren arren, exekuzioak eta jatorrizko ideiaren garapenak oraindik zorrozteke dauden ertzak ziztatu dizkigute gure pupiletan.

      Molde narratiboetatik aldendu nahiak ez du justifikatzen, nire iritziz, hari dramatiko baten ausentzia. Loturarik gabeko piezen batuketaren emaitza den puzzleak badu izena: collagea. Pablo Picasso, Georges Braque zein margolari hainbatek erabilitako teknika erabat presente dago XX. mendeko artean. Luciano Berio konposatzaile italiarrak idatzitako Sinfonia obran, hain zuzen, mugimendu oso bat aurki dezakegu beste musikari batzuen lan zatiak lotsa barik kolaz itsatsita. Omenaldi partikularra ala bidegabeko jabetzea, zita ala kopia?

      Teknikaren esentziak horretan datza, ordea, egiten duzun muntaian sinestean eta horren izaera ez azaltzean, publikoaren pentsamenduari bide librea utziz. Hor dago atzoko antzezlanak oraindik igotzeko duen eskailera. Badute zer kontatua, gizarte suntsitzailearen kritika bortitza; badute modua, gorputzen erabilera estetiko eta espresiboarekin, baina sinesteaz gain, dena batzen duen markoa, soportea falta zaie.

      Ikusleak, hala ere, ez du zertan ulertu eszenan egiten duzuna. Arte lanera hurbiltzen denaren betebeharra da bere jarrera estetikoa heztea. Hartzaileak jarrera aktiboa behar du izan parean jartzen zaionarekiko, izan berau eskultura bat, musika pieza bat edo liburu orri bat. Atzokoan, jarrera faltagatik izan ez den arren, guztiok geneukan antzerki gosea, taula gainean gelditu da aktorea eta ikuslea banatzen dituen kristal hauskor zein fina zeharkatzeko gai izan ez den errelatoa. Eskertzekoa, hala ere, dagoeneko agortu ditugun lau kartutxo teatralak molde hain desberdinekoak izatea. Horixe baita kultur alfabetatzearen funtsa, proposamen diferenteek iradokitzen digutenaz hausnartzea, eztabaidatzea eta kulturari, jarrera estetiko egunetik egunera aberatsagoz, gorazarre egitea.