antzezpen kritikak
< 2020-PAM | Meeting point >
Ahots propioz
Ignacio Arakistain
Uztarria, 2020-11-02
“Fadoak entzuten zituen gizona”

 

      Istorioak kontatzeko garaian, modu ugari daude irakurle, ikusle edo hartzailearengan aztarna iraunkor bat uzteko. Bere ariman zauri txiki bat irekitzeko, galderaz eta duda-mudaz beteriko giltza bat oparitzeko, buruari eragin diezaion antzokitik etxera bueltan. Xake konpainiak lortu du ahots propioz helaraztea kontatu nahi duen hori. Ez da erraza, inondik inora ere, konpainia batek errelatoa modu zaindu, txukun, goxo zein pentsakor batean aurkeztea, produktua saltzea, eta gainera, arrakasta mamitsua lortzea herriz herri. Taula gainera daramaten hirugarren lana da irailean estreinatu zen Fadoak entzuten zituen gizona. Tristuraren ertzak lantzerako orduan aurkitu ohi ditugun oztopoen antidototzat har ditzakegu jatorri portugeseko fadoak, gehienetan emakumeen ahotsean entzun ohi ditugun musika pilula malenkoniatsu eta erakargarriak. Badu antzezlanak aitzakitzat dituen musika piezetatik ezaugarri hainbat: sentsibilitatea, kantu librea eta letra boteretsua.

      Gizontasun estereotipatuaren ahulezietan zentratzen den lanak, konpainia honek lehenago aurkeztutako proposamenetan ohikoak izan diren gaiak dakartza beste behin zentrora. Mami Lebrun, taldearen lehen obran lantzen zen agurrei diegun beldurra, maite ditugunekiko lotura, edota Lur piezan mintzagai izan zituzten desberdinarekiko jokaera zein norbere burua maitatzearen garrantzia oholtzan aurkitzen ditugu, pertsonen barne- zein harreman-gatazkak obraz obra maila igotzen doan taldearen ikur bihurtuz. Umorez betiere, bi pertsonaiaren erlazioan eta kanpo begirada zital baten jarrerak iradokitzen duen kritikan oinarritzen da aurrejuzguak eta epai merkeak hausteko ideiarekin jaiotako lana.

      Fadoen antzera, aktoreek mihian duten testua ederra, esanahiz betea eta entzuteko gustagarria da. Interpretazio lana ere txukuna erabat; Ane Gabarainen aurpegi fresko eta zoragarri bat ikusteko aukera izan dugu, azken asteotan bolo-bolo dabilen superprodukzio batean soinean daraman dramatismo itzela gainetik kenduta. Gizonen harremanak obran zehar jasaten duen eboluzioa ere modu ezin hobean emana, kamioilariaren katez beteriko bihotza zein fado zalearen ameslari sena erabat askatzen dira obraren amaierara iristerako. Igande arratsaldea ederki aprobetxarazi digun lana, laburbilduz. Aurtengo edizioko ordu aldaketak antzerki kontsumoari izugarrizko aldea egin diola ahaztu gabe. Elementu gutxirekin, pertsonaia aberatsen laguntzarekin eta ahots propioz jarrai ezazue euskal antzerkiari harribitxi zaizkion artelanak ontzen, zorionak eta muito obrigado!