Antolatzailea: Azpeitiko Udala. Tokia: Zelaitxo Antzokia. Egunak: 1990eko abenduaren 1etik 21era.
Euskal antzerkiaren urteko gertakizunik garaiena ditugu dudarik gabe Azpeitiko Topaketak. Hementxe ematen du bere neurria. Urteotan jaso duen esperientziaz baliaturik, aurtengoa irten zaiola borobilena derizkiot. Batakoz beste, ikuslez ongi hornituak aurkitu ditugu emanaldiak eta jendea pozik. Gure antzerkia, ezagutuz gero, arrakastatsu bilakatzen dela nabarmentzen digu horrek. Antzerkizaleen benetako topagune dugu Azpeitia Abenduan zehar: urtean zehar bakoitza bere aldetik dabiltzan taldeetako antzezlariak hemen biltzen dira, batak bestearen lana ikusi eta elkarrekin komentatzera; herrietako kultur arduradunek ere badakite nora jo euren antolakizunetarako argibide bila. Hemezortzi antzerki taldek erakutsiko dute euren lana, helduen sailean, eta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lagundurik, urrats sendoak ematen ari den Eskola Antzerkiak sei talde aurkeztu ditu aurtengoan ere, inguruko ikastetxeetan berebiziko interesa sortuz, emanaldietara hurbildu den haur kopuruak adierazi digunez. Aipatu beharra dugu, giro honetan bertan, irakasleentzako, Antzertiren eskutik, burutu den II mailako Ikastaroa ere, nahiz eta, agian presakaegi antolatua izan delako, espero bezain erosoa gertatu ez omen den.
Oro har aurtengo Topaketak onesgarritzat dauzkadan arren, baditut hutsune pare bat aipatu beharrak. Badakigu, Zelaitxon agertzeko aukera lortu duten hemezortziak baino, gehiago ere bazirela topaketakide izatea eskatu zuten taldeak. Ez dakigu zein irizpide erabili duten aukeratzerakoan, ez eta erabakia nori zor zaion ere. Parte hartzea eskatu duten taldeek bederen jakin behar lukete hori guztia; eta ez litzateke gehiegi ikusleoi ere horren berri ematea, oker jakin ez badugu, gutxienez estreinaldi baten ikustea galarazi digunez gero.
Ikusten diodan bigarren akatsa hasieratik dakarren lehiaketa kutsua da. Honek urduritasuna gehiagotzen dio taldeari, ahalmena erkitzen diolarik; eta, beraz, ikuslegoari antzerki montaia bakoitza bere onenean ikusteko aukera ukatzen zaio.