Taldea: Horman Poster. Noiz: abenduaren 21a. Non: Gasteizko Baratza Aretoa.
Horman Poster Bilboko antzerki taldearen lan berriena dugu Magia Sinpatikoa, BAD jaialdian estreinatu eta gero, Bartzelonan ere oraintsu arrakastaz erakutsi dena. Matxalen de Pedro eta Igor de Quadra aktoreak eta Mbaye Sene dantzari senagaldarra dira antzezlaneko hiru protagonistak. Mimesia eta enpatia dute ardatz. “Pierrot, mimo edo mimesiaren inguruan lan egin nahi genuen, pertsonaia klasiko hori egungo eszena garaikidera ekarri”, azaldu du Matxalen de Pedrok. “Mimesiak lotura handia du antzerkiarekin, baina beste alor batzuetan ere badu garrantzirik, biologian adibidez, mimetismoa edo kamuflajea biziraupenerako estrategia ere bada zenbait animaliaren kasuan”, erantsi du Igor de Quadrak.
Bi kulturak topo egitean ere mimetismoa gertatzen da bi aktoreon ustez, eta ildo horri heldu diote Magia Sinpatikoa obran. “Oso oinarrizko mekanismoa da elkar imitatzea, bai babesteko, baita komunikatzeko ere”, dio de Quadrak.
James Frazer antropologoak 1890ean argitaratutako Urrezko Adarra liburuan aipatu zituen Magia Sinpatikoa eta Magia Enpatikoa kontzeptuak, “gizakiak antzekotasunak hurbiltzen dituela esan nahi zuen kontzeptu horien bidez. Bata bestearengana hurbiltzeko modu bat da mimesia, gizakiek elkar ulertzeko eta bizirauteko dugun moldea”. Frazerren garaian, Europa mundua kolonizatzen ari zen, eta Darwinen Espezieen Eboluzioaren teoriak aldekoen eta aurkakoen arteko eztabaida sutsuak piztu zituen. Hala ere, “Kolonialismoak, hurbiltzen gaituen magia hori bestea menderatzeko erabili zuen”, dio de Pedrok: “Hau guztia dago Magia Sinpatikoa obraren atzean”.
Antzezlanean beste elementu bat, John Glover XIX mendeko margolari ingelesaren koadro handi bat dugu. Espazio eszenikoaren elementu bakanetako bat da. Glover Tasmaniara abiatu zen garai hartan, eta hango paisaiak margotu zituen batik bat, baita hango biztanleak ere. “Koadroarekin elkarrizketa sortzen da, bertako biztanleek jasandako sarraskiaren istorioa kontatzen du, dramaturgiarako edukia eman digu”, Igor de Quadraren hitzetan.
Hirugarren antzezlea Mbaye Sene dugu, bi aktoreek kudeatzen duten Muelle 3 dantza eskolan ezagutu zuten elkar, musika afrikar eta dantza irakaslea baita. “Interesgarria iruditu zitzaigun bera gonbidatzea. Eta ekarpen garrantzitsua egin du, dantzari eta musikari tradizionala izan arren, garaikidetasuna interesatzen zaiolako”.
Hizkuntza ere jolasaren partetzat hartu dute Horman Poster taldeko kideek, eta obra eleanitza sortu dute. Euskara nagusi bada ere, frantsesa, ingelesa, gaztelera eta wolofera, Senegaleko hizkuntza, entzuten dira obran.