antzezpen kritikak
< Erraldoi izan nahi | Merezi zuen >
Baina hainbeste emakume badago herrian?
Malen Aldalur Azpillaga
Argia, 2016-03-13
“Errautsetatik erne”

Non-noiz: Muxikan, 2015eko martxoaren 7an.

      Sarri elkarri bizkarra emanda bizi gara gure herrietan, auzokidea kasik ezagutu gabe. Adinean aurrera egin ahala, gainera, zailagoa izaten da elkarrekin egoteko espazioak aurkitzea. Hala gertatzen da Muxikan (Bizkaia) ere.

      Martxoaren 8 batez batu ziren hainbat emakume muxikar bazkari bueltan. Tartean zen Onintza Enbeita eta hark kontatu digu herritarron ekimena. Helburu argia zuten: herrian emakumeen parte-hartzea handitzea. Hasieran, bideo bat grabatzea bururatu zitzaien, baina horrek lan mordoa eskatzeaz gain, bideoan agertzen zirenek proiekzioa ikustetik haratago oihartzunik izango ez zuelakoan, bertan behera geratu zen: “Gero, buruari bi buelta eman genizkion eta gerra garaian kartzelan egondako herriko sei emakume omentzea bururatu zitzaigun”. Horrela abiatu zen gaur egun 55 emakume elkarrekin lanean aritzea ahalbidetzen duen ekimena.

      Orduerdi iraun zuen ekitaldi txiki bat egin zuten euren alaba eta ilobekin: “Aitzakia horrekin testu batzuk irakurri eta 30 emakumetik gora Izarren hautsa abesten jartzea lortu genuen”. Horixe izan zen, beraz, aurrekaria. Gerora, batzarra egin zuten Enbeita bera, asanbladako kideak, Udaleko kultur teknikaria eta beste emakume batzuk tarteko, eta aurreko urtean omenaldian parte hartu zuten andrazkoei antzerkia egiteko proposamena egin zitzaien.

      “Ez da erraza emakume horiengana joan eta feminismoa zer den azaltzea, ahalduntzeaz hitz egitea”, azaldu du Enbeitak. Nola edo hala balore horiek landu nahi zituzten herriko emakumeekin, baina modu egokiren bat aurkitu beharra zegoen. Lehenengo antzerki emanaldirako 40 emakume lortu zituzten: “Kristoren meritua da proposamena egin eta lehenengoan baietz esan ziguten emakume horiena, nik 80 urte ditudanean neska gazteak antzerkia egiteko eskatzera etortzen badira popatik hartzera bidaliko ditut”, dio Enbeitak umoretsu.

      Lehen antzerki horrekin hutsune bat bete zuten 40 emakumeek. Udalak, Muxikaren historiari buruz ateratako liburuan gizonezkoen elkarrizketak baino ez zituen jasotzen, eta antzezlan honen helburua Muxikako emakumeen egunerokoa kontatzea zen. Historiako hutsuneak betetzea, nolabait. Lehenengo emanaldi arrakastatsua eta gero, hurrengo urtean 40 emakume izatetik 55 izatera igaro ziren. Azken honetan, inkisizio garaiak antzeztu zituzten, akelarre eta guzti.

      Muxikako elizan egin den lehen akelarrea izango zen, seguru. Herriak aretorik ez duenez, elizan egiten dituzte ikuskizunak, aldarea agertoki bilakatuta. “Fede handiko emakumeak daude tartean baina ez dugu arazorik izan”. Antzezlanaren gaia bati baino gehiagori arraro egingo zitzaiola pentsatu zuten, eta horregatik, hasieran azalpenak eman zituztela esplikatu du Enbeitak: “Hau ez da elizaren kontra; guk hau antzeztu edo ez, akelarreak, inkisizioa… gertatu egin ziren”. Ajangizko elizan antzeztu zutenean, esaterako, abadea lehenengo ilaran egon zen eta asko gustatu zitzaiola azaldu du muxikarrak.

      Urduritasuna eta ilusioa nabarmendu ditu Enbeitak hasi aurreko uneetan: “Neu ere oso urduri nengoen baina disimulatu egin nuen”. Emakumeek agertokira salto, eta txaloka hartu zituzten ikusleek. “Lotsatuta bezala igotzen ziren agertokira, txaloak mereziko ez balituzte bezala”, baina ondo merezitako eskertza jaso zuten, “txalo horiek guztiak euren bizitzetan egindako lan guztiaren aitortza ziren”.

 

      Ikuskizuna baino gehiago

      Ez dute antzerki profesionala egin nahi, ez dute ikaragarrizko gidoia eduki nahi. Ez dituzte aktorerik onenak gura. Elkarrekin ikasi eta egon nahi dute, elkar ezagutu eta aliantzak egin nahi dituzte. Gozatu nahi dute, ikasi, ondo pasatu. “Ederra da herri oso batek parte hartzea, ideologiaren hormak apurtzea, distantzia haustea. Denek dute lekua proiektu honetan”.

      Belaunaldien arteko harremana azpimarratzen du behin eta berriz Enbeitak, umeek zaharrengandik nola ikasten duten, eta alderantziz: “80 urteko amona bati, akaso, gauzak behin baino gehiagotan azaldu behar dizkiozu eta ume bat etortzen zaizu esaten ‘ez dakit nork oraindik ez du ulertu’ eta berak azaltzen dio”. Gainera, antzerkia prestatzeko egindako entseguek asko batu dituzte parte-hartzaileak, “orain elkarrekin hartzen dugu parte herriko beste ekintzetan”.

      Feminismoaz gozatzeko beste aukera bat da; besteak beste, ahalduntzea, zaintza eta espazio publikoaren okupazioa lantzen dituzte. Ez dago adinik izar izateko, “harrigarria da bizi guztia zaintzari eman dioten emakume horiek zer gaitasun duten oholtza gainean”.

      Bakoitzak egiten dakiena edo egin nahi duena egiten du: kantatu, antzeztu, jantziak josi, apaindu… Autoestimua lantzeko parada ere izan dutela azaldu du Enbeitak: “Elizako aldarera —agertokira— iristeko korridorean denak lurrera begira joaten ziren eta ea igandetako mezatan dirua lurrera botatzen zuten galdetu nien; ea horregatik zihoazen denak lurrera begira. Barre egin zidaten, eta hortik aurrera burua tente eta titiak aterata joateko esaten diet”, azaldu du Enbeitak algara artean.

      “Nik ez dut bizitzan hain esperientzia onik izan; ez dut hainbeste maitasun eta esker on inoiz jaso. Hasieran buruko min asko ematen ditu, baina gero bueltan jasotzen duzuna sinestezina da”, azaldu du hunkituta. Aurten, hainbat kontu tarteko, ez dute Muxikarako antzezlanik prestatu. Herritarrak penetan geratu direnez , historian ahaztutako emakumeak gogoratzeko ekitaldia egingo dute martxoaren 6an.

      “Lagun batek esan zidan lehengoan, antzezlana ikusten ari zela pentsatu zuela, ‘hainbeste emakume al daude Muxikan?’, eta nik erantzun nion baietz, eta baita gehiago ere”. Egon badaude, ikusaraztea falta da.