antzezpen kritikak
< Lolita eta irakaslea | Gure ni ezkutuak >
Badator kokoa!
Irati Majuelo Itoiz
Argia, 2019-03-03
Libertimendua Iruņean

 

      Zomorroa da kokoa, bakterioa, intsektua. Izaki inozo, zoro, ganoragabea. Arrotza den hori, desberdin den hori, zu ez zaren hori. Edo, nork begiratzen dizun, zu zeu ere izan zaitezkeena, akaso. Koko deitzen omen zieten Nafarroa iparraldeko ibarretako herritarrek hegoalderago zeudenei: Baztangoek Lantzekoei, Lantzekoek Odietakoei... Batzuek besteei, Kokoerrira heldu arte: Iruņera.

      Izen horrek inspiratu du martxoaren 3an Iruņean eginen den libertimendua: Iruinkokoa. Baina zergatik libertimendu bat, non eta Iruņeko Alde Zaharrean? Baxenabarretik datorren inauteria izanik ere, mugak iragateko gaitasuna izan du maiz, baina oraingoan Iruņeko elkarte euskaltzaleei egotzi behar diegu errua. Zaldiko Maldiko, Euskaldunon Biltoki, Karrikiri eta Dugunaren arteko elkarlanak piztu zuen inauteriei beste elementu bat eransteko ideia. Ez da Iruņetik Iparraldera begira jartzen diren lehen aldia, hor baitago Bidador, Iruņeko euskaldunak pastorala aurrekari gisa, baita urteetan elikatutako harremanak ere. Iruinkokoa, baina, lau elkarte horiez harago doan ekimena da, izan ere, komunitate txiki bat antolatu da libertimenduaren prestaketaren baitan. Komunitate euskalduna eta, bereziki, gaztea.

      Gazte horietariko bat da Ihitz Iriart Casenave, logistika taldean buru-belarri aritu dena azken hilabeteetan. Haren hitzetan, ekimenak Alde Zaharreko inauteriei beste dinamika bat eman nahi die, tokikoa eta tokikoek sortua, bertako identitatearekin lotura indartu nahi duena eta egunean bertan dibertsioa helburu izanen duena. Libertimenduen gisako esperientzia asko daude Euskal Herrian, antzerkia eta dantza oso presente egon baitira beti herri ugaritako tradizioetan, Nafarroa hegoaldeko paloteadoetan, esaterako. Tradizio hori Iruņera hurbildu nahi izan da ekimen honekin, orain arte herri antzerki horrek ez baitu pisu handirik izan. Iriarten ustetan, aukera polita izan daiteke aurtengo proposamena, euskara plazara ekarri eta inauteriei beste buelta bat emateko. Izan ere, urteari errepaso satirikoa egiteaz gain, libertimenduak inauterien jatorriari egiten dio keinu: boterea kolokan jarri, mugak zeharkatu, gizartearen ordena irauli. Eta hori, gazteek euskaraz sortua, euskaratik eta euskararendako. Iraultza txiki bat, azken finean.

      Iruinkokoaren muntaketan libertimenduak zein paloteadoak izan dituzte inspirazio-iturri, eta naturala denez, erabaki askotan horien arabera gidatu dira. Ekimenaren bidez, harremana ere estutu egin dute Baxenabarreko libertimendu sarean dabiltzanekin: iaz hango emanaldiak ikustera joan ziren, aholkua eskatu zaie, eta haiek ere etorriko dira Iruņera, Iruinkokoa ikusi eta elkarrekin bazkaltzera. Hala ere, asmoa ez da izan bertakoa hartu eta Iruņera ekartzea, ez du libertimenduen edo paloteadoen kopia huts bat izan nahi. Iruņeko kulturaren bidez eta Iruņean inspiraturik sortu da: bertako pertsonaiak gorpuztu dituzte eta jaikialdiak tokiko gai, erreferentzia eta moldeekin osatu; jarri dituzte, beraz, Iruinkokoa errotzeko zimenduak.

      Inprobisatua den guztiak atzetik bere lana baduenez, hilabeteak pasa dituzte talde-lanean prestatzen. Libertimenduak berezko egitura du, lau-bost jaikialdi egiten dira eta bakoitzean patroi bera errepikatzen da: dantza-antzerkia-bertsoak. Hori dela eta, sortzaile talde bakoitzak bere kabuz landu du libertimenduan eskaini beharrekoa, nahiz eta ezin dugun ukatu sorkuntza-prozesuak komunitate txiki bat sortu duela ezinbestean: bakoitzak du bere funtzioa Iruinkokoan, bakoitzak bere interes eta bere mugak, baina denek behar dute elkar libertimenduak funtziona dezan. Ekosistema bateko harreman-sarea dirudi. Alde batean daude koko-xuriak, dantzariak, plaza lehenbizi hartuko dutenak. Dantza berriak sortu dituzte propio inauterirako, Iruindarrak jauzia kasu. Eta dantza berria osatzeko, musikak ere berria behar du izan. Berria eta berritzailea, dantza-tradiziotik urrun mugitzen diren Iruņeko zenbait musikarirengana jo baita laguntza eske. Jazzaren eta jauzien arteko negoziazio-prozesuak luze jo badu ere, emaitzak ez omen du inor epel utziko.

      Bestalde, koko-xuriek koko-beltzak behar dituzte ezinbestean, plaza azkar ostuko dieten izaki baldarrak, kontraesanak azaleratuko dizkieten zirtzilak. Indarra dute koko-beltzek, bizkortasuna, grina eta, bereziki, lotsa gutxi. Ideiak ere, faltan izaten dituzte batzuetan, eta horiek eskaintzen saiatu da idazle-taldea. Urtean zehar pasatakoari begirada kritikoa eman eta nork bere buruaz barre egiteko heldulekuak oparitu dizkiete idazleek, koko-beltzek horiekin nahi dutena egin dezaten gero. Elkarrekin egon dira azken asteetan testua ekintzara ekartzen eta ekintzak hitz bihurtzen.

      Baina, horrez gain, lagunak ere behar dituzte kokoek, edozein zirtzilkeritan laguntzeko prest izanen duten kokofauna, eta goizeko kalejirako pertsonaiei bizia emanen dien taldea. Baina nondik atera dantzari, zirtzil, eta pertsonaia denentzako jantziak? Inauterian gaude eta, nola ez, zomorrotu beharra dago. Denen meneko ibili da horretan jostun-taldea, izan dotore zein zarpail, denek joan nahi baitute apain igandeko zitara. Badira ere, azken momentura arte ekosistema horretatik kanpo egonen direnak: bertsolariak. Haiek izanen dira publikoaren ahotsa, jaikialdi bakoitzaren ostean ikusitakoa komentatu, kritikatu edo goratuko dutenak. Baina ez dira Iruinkokora informazio gehiegirik gabe joanen diren bakarrak, koko-xuri zein koko-beltzek ere sorpresa asko izanen dituzte, ez baitakite zehatz-mehatz zer eginen duten besteek.

      Komunitate bat jarri du martxan Iruinkokoak, baina taldea bere horretan ez da aski, eta publikoa behar du. Libertimenduak ez du balio emanaldia ikusi, kritikak jaso, zirtzilen txantxak jasan eta erreakzionatuko duen publikorik ez badu. Hala, Iruinkokoaren bidez, inauterietan parte hartzeak eta parte izateak duen garrantziari ere balioa eman nahi zaio. Ez da publikoa ikusle arruntzat hartu nahi, butaka batean eserita edo desfile batean begira egon daitezkeenen gisa. Iruinkoko osoaren parte izanen dira ikustera doazenak, interakzioa etengabea izanen baita kalejiran, puska-biltzean, emanaldian eta bazkarian, noski. Badira, beraz, Iruinkokoa ikustera joateko aski arrazoi.