antzezpen kritikak
< Lubakian eta bakarik | Lakoste >
Maitasunaz antzezten-edo
Amets Aranguren Arrieta
Argia, 2021-10-17
“Amua”

Noiz: irailak 29. Non: Nafarroako Antzerki Eskola, Iruņean.

      Maitasuna ekintzetan gauzatzen duk. Ez emozio edo sentimenduetan… horiek beren kabuz bizi dituk, joan etorrian dabiltza”. Hitz horiek daramatza idatzirik sarreran banatu diguten afixak. Komedia sentimental politikoa omen Axut! konpainiaren eskutik datorren Amua antzezlana.

      Lekua hartu bezain pronto ikusi ditut oholtza gaineko tramankulu guztiak, zinez atrezzo ederra. Zurezko pare bat malda elkarri lotuak, zuhaitz bat eszena erdian eta ia dozena erdi instrumentu alboetara. Azkeneko horrek, egia esaten badizuet, ikaratu nau hasiera batean… ia batukadak bezainbeste gorroto ditut musikalak eta antzezlana hurbil egon zitekeela pentsatu dut momentu batez. Ez dut spoiler handirik egin nahi, baina ez da musikala, benetan, lasai.

      Ana, Aitor eta Txolarre elkartu dira aspaldiko partez Iratiko oihanean asteburu pasa, baina Anak antolatu duen txangoaz ez zaie informazio bera heldu mutiletako bati eta besteari. Ez pentsa, behin han daudela ere hiruetako inork ez daki ongi zer pasako den aurretik dituzten egun horietan. Desmaskulinizazio saiakerak, lehia, harreman libreak, jabetza, fideltasuna eta mamuak alde batetik bestera. Baina baita loreak, alkohola eta Iraultza izeneko txakur bat ere. Umoreak hartu ditu zirrikitu guztiak.

      Maiz sentitu baina gutxitan azaleratzen ditugun horiek entzun ahal izan ditugu hiru protagonisten ahoetatik. Zer kontatu daitekeen eta zer ez, zein den arazoa eta zein ez, zer den maitasuna eta zer ez. Zalantza, beldur eta nahasmen horiek erakusten zizkigutelarik, ziur nago publikoko guztiok egin dugula irribarre txiki bat gure baitarako momenturen batean, haietako baten gorputzean geurea ikusi dugunean. Minak, ukazioa, iraungitze datak eta oraindik ere ulertzen ez ditugun beste mila kontu.

      Anak Ana izateari utzi eta Maite bilakatzen da noizbehinka, berdin biolina ala gitarraren bat eskutan, berdin soinu efektuak edo letraz lagunduriko kanta ederren bat eskaintzeko. Fuchs anaiek ere utzi dituzte Aitor eta Txolarre momentu batzuetan atzean, saxo tenorrari edo txeloari helduz. Zuzeneko edozein motatako emanaldik musika ere zuzenean eskaintzen duenean, beti dago koska bat gorago, gehi bat. Atzeko pantailetan eginiko proiekzioak izan dira, agian, soberan sentitu dudan bakarra.

      Egoera erreal karikaturizatuen bilduma ederra da antzezlana, eta ez hain karikaturizatuena. Maitasuna hitz erraldoiaren inguruko aferak umorearen talaiatik planteatuak, galdera batzuendako erantzun posibleak eta galdera berriak, baita laranja erdiarekin egin daitekeen zukua ere.

      Segi antzokietara, ez zaizue damutuko!