Noiz: urriak 18. Non: Bilboko Harrobia aretoa.
Ez nuen sekula esanen antzezlan batek bisitaraziko zidala Bilboko Otxarkoaga auzoa urriko astelehen iluntze batez. Baina hala suertatu zen urrian, eta plazer handiz gainera, zergatik ez?
Harrobia aretoan zen antzeztekoa Tribiz: baserri galdua lana eta Jon Ander Urresti Tribiz uda honetan ezagutzeko parada izan banuen ere, ez nuen antzerkiaren munduan sekula ikusia. Aretoa ere ez nuen ezagutzen, Iruņekoaldezaharzentrista batek ez baititu halakoak ezagutzen. Hasieratik harrapatu nau lekuak: txikia, bildua, intimoa. Eserlekuak eszenatokian bertan zeudela esan daiteke, lehenengo ilarako ikusleek oinak oholtzan pausatzen zituztelarik, gu aktorearen pare bagina bezala. “Ni atzo etorri nintzen eta gaur berriz, atzo galdu nituen detaileak gaur harrapatzen saiatzeko. Bera bakarrik da eta antzezlana laburra da”, aipatu digu gurasoek agurtu duten gizon batek. “Artistei zor zaien errespetuagatik, isilik egon emanaldiak irauten duen bitartean” entzun eta itzali dira argiak.
Atera da Jon Ander oinutsik eta deus baino lehen eskerrak eman dizkie aiton-amonei, euren gorputzetan sartzen uzteagatik. Piezarekin hasi bezain pronto ikasi dut korta bat distantzia dela eta ez lekua, eta kortaka erosten omen zela (edo dela, ez dut argi) lurra. Amumaren ahotsa entzuten genuela ibili ditu esku artean baserriko paperak Jon Anderrek. Baserrian ezinbestekoak diren objektuak erakutsi dizkigu, bakoitza esaldi garrantzitsu batekin lagundua. Tartean albahea, harria eta eskuila agertu dira. Galbahearen funtzioaz ondorengoa azpimarratzen zioten Jon Anderri arbasoek: ”Ongi pentsatu behar duzu zerekin nahi duzun geratu eta zer nahi duzun bota”. Eta kantak presente daude uneoro, oso presente. Espreski Bermeokoak diren batzuk barne. “Amumak egun santu guztian kantatzen omen zuen” hori, adibidez.
Baserria zutik mantentzen dutenak bertan bizi direnen ekintzak direla dio Tribizek, “baserriak gauza sendoak ematen baditu ere, ez dira bakarrik eusten”. Eta ekintza horiek desagertu dira bere izen bera daraman baserrian. Familiako azken belaunaldikoen arteko gatazkek, premua izendatzearen faltan-edo, galbidera eraman dute baserria, bost partetan zatikatuta baserriak berak ezin baitio bere buruari eutsi. Zatikatutako 700 urteko leiho gotikoak ezin baitio bere buruari eutsi. Aitxitxek “trankil, harrixek beti eongo diez hor” esan arren.
Bizkaiko baserririk zaharrenaren parean dagoen Tribiz baserria erabilera galtzen ari da eta “erabilera galtzen ari den ondarearekin, zer egin?” galdetzen digu Jon Anderrek. Amumaren hitzekin bukatu nahi izan du emanaldia “semie, nik honek papelak ez dotez entenditen”.
Beste istorio erreal bat oholtzara eder, garden eta soil ekarria.