Zuzendaritza: Ricardo Padilla. Antzezleak: Justi Larrinaga, Lola Markaida, Karmele Larrinaga. Lekua: Bilboko P6 aretoa. Eguna: Ekainak 10.
Berde koloreko sofa zatar bat, haren alboko lanpara, belaunaulki gorri bat eta likorez betetako mahaitxo gurpilduna izan dira eszena apaindu duten elementu nagusiak. Eszena gaineko hiru emakumeak, ordea, agertokitik kanpoko telebistari so egon dira hasiera batean, miresmen handiz jarraituz aurreko Aita Santuaren erretolika nahasia.
Presidente andreak antzezlanean Erna santujale sutsua, Grete festazale jatorra eta Mariedl adimen urrikoa dira hezur eta haragizko protagonista bakarrak. Baina haiekin batera rol handia jokatzen dute beste pertsonaia batzuek ere, eta auzoko urdaitegiaren jabea Wojtila deitzen da, Erna gorteiatzen omen du, eta, kasualitatez edo, predikamendu handia du harengan.
Werner Schwab austriar egile inkonformista XX. mendeko alemanezko idazle askoren jarraipentzat jo ahal dugu. Nik behintzat, nolabaiteko paralelismoa aurkitzen diot Thomas Bernhardekin, batez ere Austriaren gaineko satira gupidagabean —katolizismo atzerakoia, argitu gabeko iragan nazia…— eta baita ere antzerki testuen estilo guztiz narratiboan, non ekintza eszenikorik ia ez dagoen eta pertsonaien berbaldiak zeharo predikatiboak diren.
Lehen esan bezala, oso izaera desberdinekoak dira hiru emakumeak, eta hasierako solasaldiek azalekoak diruditen arren, beraien bidez ezagutuko ditugu Erna eta Greteren barne mundu kamutsak. Bide batez, inguruan duten gizartearen berri lausotua jasoko dugu eta, bitartean, Mariedl bigarren plano batetik emango dizkigu bere nortasunaren berri apurrak. Batere etenik gabe etorri den bigarren zatian, aldiz, paroxismo moduko batean murgilduko dira hirurak, eta haietariko bakoitza bere paranoien mende geratuko da, justifikazio handirik gabeko amaiera gordinera heldu arte.
Muntaian, oro har, aipatzekoa da Julia Marinen euskaratzea, batez ere kontuan izanda egilearen jatorrizko hitz-jario sormentsua. Hiru antzezleek ere kemen handiz eman dute testua, nahiz eta nik uste dudan zuzendaritzatik zertxobait gehiago egin zitekeela esaldien intonazioari edo erritmoari begira, haietariko askoren asmo ezkutuak azaleratzeko. Hala ere, antzezle bakoitzak primeran gorpuztu du bere pertsonaia eta hiruren artean joko eszeniko polita egin dute, komediatik dramara erraztasun handiz igaroz eta hirukoteari bizitasuna emanez, egilearen balizko burutazioetatik haratago.