antzezpen kritikak
< Hitzez maiteminduta | Gora igogailuak! >
Kattalinen ametsa
Agus Perez
Berria, 2011-10-11
“Gure bide galduak”

Testuak: Dejabu, Oier Guillan. Antzezleak: Urko Rekondo, Miren Alkala, Maria Alonso, Iņigo Aranbarri, Ainara Gurrutxaga. Musikaria: Arantxa Vicedo. Lekua: Donostiako Lugaritz kultur etxea. Eguna: Urriak 9.

      Amets bat du Kattalin gazteak: maistra izatea. Eta amets hori buruan duela, baserritik Oreretara joango da bizitzera, osabaren pisura. 70etako hamarkadan gaude eta diktadorea hil berri da, ez ordea berak eraikitako sistema.

      Gure protagonista urte haietako zurrunbiloaren erdian egongo da askotan, bizitzak berak, gaztetasunak eta inguruko egoerek bultzatuta. Dejabu konpainiak planteaturiko antzezlanean ondo baino hobeto jasotzen dira urte haietako auzi nagusiak, hala nola langileen borrokak, Espainiako etorkinen integrazio militantea ­—bikain islatua behargin galegoaren pertsonaian— eta, zelan ez, euskararentzat gizarte-onarpena berreskuratzeko ahalegin izugarria. Gatazka haien artean, baina, Kattalin protagonistaren bizipenak daude uneoro eta, esate baterako, bereziki sakona da osabarekin sortutako belaunaldi-amildegia, haren ideologia zurrunak talka egiten duelako Kattalinen itxaropen zabalekin.

      Ikusten denez, ez dira nolanahikoak testuan jasotako gaiak, eta plantamendu eszenikoa ere guztiz bat etorri da lanaren mamiarekin. Hasi baino lehen agertokitik kanpo eta ikusleen artean ibili dira aktoreak eta une jakin batean taulara igo dira, nolabait iradokiz beraiek antzeztutakoa gutariko edonoren bizipenak izan zitezkeela. Emanaldian zehar erabilitako gauza guztiak ere agerian egon dira hasieratik eta horrek benetakotasun handia eman dio lanari. Dramaturgiak, berriz, kontakizunak bezainbeste garrantzia hartu du eta arlo horretan esangura handikoak izan dira objektuen erabilera ia magikoa, musikariak sortutako soinu-paisaia eta, beste ezeren gainetik, antzezpenen kalitate eta hurbiltasun berezia.

      Erraza izan zatekeen lan honekin nostalgiaren eremuan jaustea, baina ez da hori izan euren planteamendua, ezta hurrik eman ere. Alderantziz, soiltasun eta sakontasun handiz berrosatu dute urte itzel haietako geografia, eta ikusleen bihotzak hunkituta sentitu dira, batez ere ikustean zenbateko nekea hartu duten garai haietan umetxoak baino ez zirenek beraien sustraien bila joateko.