Testuak: Edorta Jimenez (egile eta koordinatzailea), Joseba Sarrionandia, Onintza Enbeita, Jon Lopategi, Xabier Amuriza, Eneritz Artetxe. Zuzendaritza eta dramaturgia: Carlos Panera. Koordinazioa: Eneritz Artetxe. Lekua: Gernika herria. Eguna: Apirilak 26.
Bonbez eta gezurrez txikitu eta erre zuten Gernika Francoren manupeko faxistek, eta bonbardaketaren urtemugan Gernika sutan herri-antzezlanaren lehen bertsioa kaleratu da, bertako udalaren eta hainbat elkarte eta herritarren partehartzearekin.
Arratsaldeko argiarekin hasi da antzezpena Merkurioren inguruko borobil txikian, Mola jeneralaren herra-mezu famatua eta Agirre lehendakariaren zin egitea bozgorailuetan entzuten zirela. Bertan bildutako ikusleek kabitu ezinik zebiltzan eta edozein lekutara igotzen saiatzen ziren, hobeto ikusteko ahaleginean. Emankizunak alboko lorategietan jarraitu du, txistulariek, txalapartariek eta dantzariek leku hartan hil zirenei egindako omenaldiarekin —hantxe zegoen-eta garai hartako merkatu-gunea—, eta emakume talde batek irrintzi segida hunkigarria bota du euren omenez.
Otxandio eta Durango ahaztu barik, Gernikan hildakoen izen batzuk ume pare batek irakurri ostean, oinezko kaleetatik ibili da segizioa eta orduan hartu du dramaturgiak bere dentsitaterik handiena, jantzien, makillajearen eta argiztapen diskretuari esker, gure oroimenean iltzatuta geratu diren herritarren irudi izoztuek kalean gorpu geratu direnean, eta erakusleiho batetik okindegiko ahizpa bien irudia sortu denean. Jarraian, gaur egungo merkatu alboko monumentuan hiru gizarte-talde agertu dira: lehenik, Lumoko baserritar bikote batek euren bizipena ekarri du gogora; bigarrenik, gorriz jantzitako suhiltzaileak eskailera batetik abestu du orduko beharraren nekea; eta hirugarrenik, gudari talde batek gogoratu digu Francok gurean egin zuena Afrikan egin zuela arinago, Sarrionandiak bere azken liburuan hain argi azaldu duen lez.
Herritar izoztuak ostera ere agertu dira Santa Maria kaleko udal-eraikineko leihoetatik su eta ke artean, kalean zegoen abesbatzaren laguntzaz, eta ikusle askok ere abestu dituzte kantetako hitzek, euren artean banatu diren liburuxka oroigarriei esker. Gaua bazetorrela amaitu da dena Foru plazan, Kantuz ehortz nazaten kanta herrikoia abestuz, herri kantak —Santa Ageda, Marijesiak...— izan direlako oraingo hitz gehienen partitura, eta Gernika sutan honek, antzezpenarekin batera, omenaldi baten zeremonia izaera ere hartu du, Gernikako herritarren lan eta babesari esker.