Konpainia: Apurka. Egilea: Joseba Sarrionandia. Zuzendaria: Borja Ruiz. Antzezleak: Idoia Alberdi, Jon Gaubeka, Lorea Martinez, Mikel Lizarralde. Lekua: Lekeitioko kultur etxea. Eguna: Irailaren 26a.
Bitxia iruditu zitzaidan albistea, ostiraleko BERRIAn irakurri nuenean: talde sortu berri bat, Bilboeszenako lokaletan izandako ikastaro baten ondorioz, antzezlan bat estreinatzekotan zegoen, Borja Ruizen zuzendaritzapean eta Joseba Sarrionandiaren testuak oinarritzat hartuta. Bitxia baino gehiago, pozgarria zen albistea, zeren eta Bilboaldean behintzat talde amateurrek ez dute euskarazko antzezlanak plazaratzearen ohiturarik. Gainera, Bilbao, Bilbao-ren betekadaren ostean lan fin, soil eta dotore bat ikustearen behar gorria neukan, eta Sarrionandiaren testuak berme sendoa dira ezaugarri horietako proiektu bat abian jartzeko.
Esan dezagun, bada, nire espero guztiak bete direla Han izanik, hona naiz lanarekin. Emanaldia hasi baino lehen, hantxe zeuden lau aktoreak, edo hobeto esanda, teilen koloreko lau euritakoak, eta haien atzean aktoreak, beren arropa zuriekin jantzita. Izan ere, muntaian zehar lau aterkiak dira elementu eszeniko nagusia, agertokian ez dagoelako ia beste ezer, antzezpenei eta testuei lehentasun osoa ematearren.
Seguruenik, antzezleek euren beldurrak edukiko zituzten estreinaldi egunean, baina lasaitasun handiz eroan dute guztia, eta beren eskutik sartu gara egilearen unibertso poetikoan. Emanaldirako zazpi ipuin labur erabili dituzte eta niri behintzat Matematika irakasleak edota Labanaren erabilerak bezalako narrazioak maisulan kondentsatuak iruditu zaizkit. Beste batzuk, ostera, epigramaren neurrikoak dira: bikainak baina labur-laburrak. Hasieran Iurretakoaren aurkezpen polit bat egin dute Imanol kantaria gogoan hartuta, eta jarraian Sarrionandiaren ipuinak joan dira eszenaratzen, haietariko bakoitzaren izenburua esan eta gero. Giroa osotzeko, ipuinen arteko tartetxoetan Meredith Monkek ahanzturaz duen abestia entzun dugu, hurrengo narrazioaren prestaketa txikia gauzatzen zen bitartean.
Sarrionandiaren berbak aktoreen ibilbide, jarrera eta keinuekin hornituta etorri dira, eta nik uste dut dramaturgia sinboliko horretan datzala muntaia honen balio nagusietako bat, askotan keinuen eta berben arteko harremanek testu soilak bezainbeste sujeritze ahalmena dutelako, benetako antzerkian gertatu behar den moduan.
Egileak dioenez, emanaldian zehar entzundako testuak ipuin sendagaitzak dira, eta konpainiak dio antzerki mota hau antzerki sendagaitza dela. Ez dadila, horrenbestez, inoiz sendatu.