Konpainia: Khea Ziater. Testuak: Ainhoa Artetxe, Graciela Doniz, Alex Gerediaga. Zuzendaritza eta dramaturgia: Alex Gerediaga. Eszenografia eta jantziak: Azegiņe Urigoitia. Argiak: Oier Ituarte. Bideoak: Jesus Pueyo. Antzezleak: Ainhoa Artetxe, Graciela Doniz. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: martxoak 22.
Nork ez luke golfean jokatuko Goyaren estatuatxoarekin alkoholaz eta bestelako drogez betetako gaupasa baten erdian? Puntu horretara ere heldu dira Winona eta Grace, haietariko batek sari preziatua irabazi ostean. Antza denez, sekulakoa izan da zuzendariaren etxean izandako festa, baina orain haiek biak geratu dira bakarrik eta, trago eta marra artean, egoera aproposa dute beren kezka pertsonalez eta artistikoez hitz egiteko.
Esku-programan bertan azaldu digutenez, Marilyn Monroerena da aipu hau: “Aktore izateko ametsa zirraragarriagoa da aktore izatea baino”. Eta horrela dabiltza lagun biak, beren ametsak noiz beteko zain. Batek gaurko galan ukitu du espainiar zinemaren zerua, baina ez dago espero zitekeen bezain pozik —galdetu, bestela, Goya txikiaren buru apurtuari—, eta bestea hastapenetan baino ez dago, taberna batean kaņak zerbitzatzen dituen bitartean.
Alex Gerediagaren gidaritzapean film eszenikoen ildoa hartu zuen Khea Ziater konpainiak, zinema eta antzerkia bere sorkuntzetan elkarlotuz, halako moldez non antzerki soila ikustera doanak hobe baitu zinemara joan dela pentsatzea, horrela hobeto ulertuko dituelako proposamenaren kodeak eta erritmoak. Beraz, kasu honetan ezin egokiagoa da zinemaren beraren gaia, zinemaren inguruko gogoeta, kasu honetan, emanaldia parametro teatralagoetan mugitu den arren.
Orain, bi antzezleen lan eszenikoan zentratu da planteamendua, eta proposamena ohiko testu-antzerkiaren ikuspegitik enfokatu da gehienbat. Hala ere, nire irudipena da Ainhoa Artetxek eta Graciela Donizek telebistarako edo zinemarako arituko balira bezala jokatu dutela —errespetu osoz diot antzezpen mota horiekiko—, baina antzerkiak bere kodeak eta eskakizunak ditu, zinemarenak ez direnak. Zazpigarren artearen arloa atzeko pantailan proiektatu diren eszenekin bete da kalitatezko filmazio pertinente batzuen bidez, baina zinemaren lengoaiak ez du guztia blaitu, eta nik behintzat faltan sumatu dut haren izpirituak emanaldia bere osotasunean zeharkatu ez izana.
Hala ere, AEBetako filmek beren omenaldi polita jaso dute, bi neska protagonistek Thelma and Louise eta Night on Earth filmetako pasarte bana antzeztu dutenean eta, bestetik, balio berezia eduki dute bi antzezleen amek proiekzio batean egindako adierazpenek. Azkenik, zinema-saio onenetan bezala, opari polita jasoko dute antzezlaneko kredituak amaitu arte geratzen diren ikusleek.