Ekoizpen etxea: Vaiven. Egilea: Luis Elizetxea. Zuzendaritza eta dramaturgia: Mireia Gabilondo. Eszenografia: Fernando Bernues. Ilustrazioak: Naiel Ibarrola. Antzezleak: Miren Gojenola, Ander Iruretagoiena, Mikel Laskurain, Ane Salvador. Lekua: Zarauzko Modelo aretoa. Eguna: Apirilak 26.
Apirilak 26 zituela ikusi dugu Argiaren hautsa antzezlana Zarauzko Modelo antzokian. Kasualitate bitxia, apirilaren 26an gogoratzen dugulako frankisten lagun naziek Gernikan egin zuten sarraskia, Durango, Otxandio eta abarrekoen ostean etorri zena.
Luis Elizetxearen antzerki-testuaren arabera, egun hartantxe jaio zen Milagros, ama bonben pean erditzen zelarik. Eta aitak, pozarren, guztiei erakutsi zien alabatxoa, hiltzeko zorian zeudenei ere bai, frogatu nahian-edo zerutik etorritako heriotzak lurrean aurkitu zuela bere ordaina. Emanaldia hasten denean, iragan urruneko kontuak dira istorio gogor haiek, eta Milagros Manuelen mahaia konpartitzen hasiko da, biei egokitu zaien zahar-etxean.
Puntu horretatik aurrera, argi dago zerbait gertatu beharko dela bien artean. Horraino denok ados. Kontua da, ordea, nola, zeintzuk mekanismoren bidez eta zein erritmotan gertatuko ote den, eta alde horretatik argi dago Mireia Gabilondoren ahaleginak fruitu borobila eman duela bai tempoari bai pertsonaien barne-bilakaerari begira, betiere antzerki emanaldi baten iraupenaren mugetan.
Jokoan dauden elementuak, beraz, gutxi dira: adinduen arteko maitemintze bat eta protagonista bakoitzaren iraganetik etor zitekeena. Batetik, Elizetxearen testuak ondo baino hobeto funtzionatzen du —interesari une oro eusten dio eta bikain darabil euskara—, eta bestetik, Gojenola eta Laskurain rol distiratsu batzuen jabe agertu zaizkigu, neurtuta, bakoitzaren pertsonaiak eskatutako azken kapritxoa ere mimo handiz emanez, eta, kanpo-karakterizazio egokiaz gain, barne-karakterizazioan maisu edo maistra, kasuan kasu. Zinez diotsuet kostatu egin zaidala Laskurain bera agurearen pertsonaian ezagutzea. Bide batez esanda, zein ondo eta zein isil ari zaigu ontzen Bergarako aktorea azken bolada honetan —Uda gau bateko ametsa, Lur, Zoaz pake santuan, Etxeko saltsak…, eta Miren Gojenolari buruz, zer esan? Hemen aitortzen badut fitxa teknikoa irakurri arte ez dudala ezagutu, nire balizko itzala pikutara joan liteke, baina beharbada horrek esan nahiko luke orain arte eman ez duen beste erregistro batean ikusi dugula.
Antzezlanean agertzen diren beste pertsonaia biak txukun ibili dira beren roletan, eta Naiel Ibarrolaren marrazki proiektatuek ganora handiz irudikatu dituzte egoerak, pertsonaien aldarteak eta lekuak —Izaro irla, Mundakako kasinoa, Santa Katalina baseliza…—, baina, beste ezeren gainetik, izaera berezia eman diote kontakizunari, istorio grafikoen artearen bidez.