Ekoizpena: Arriaga antzokia. Egilea: Bernardo Atxaga. Irakurketa eta interpretazioa: Joseba Apaolaza, Bernardo Atxaga. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Uztailak 21.
Francoren garaian, hau da, meza-mutil nintzen garaian, Pange lingua nuen elizkizunetako kantarik gogokoena, bere melodia zela eta, nahiz eta latinezko hitzetatik bakan batzuk baino ez ulertu. Beharbada, garai bateko liturgiaren misterioek piztu zioten Bernardo Atxagari idazle izatearen grina, eta Arriaga antzokian estreinatu berri den Pange lingua, voglio una pizza honetan ibilbide poetiko bat egin dugu haren sorkuntza literariotik.
Dena hasi da oso era atxagatarrean, Ainhoa delako ume txikiak Katy txakurraren heriotza eta hileta bere irakasleari azaltzen dionean, eta handik murgildu gara egileak hain hurbila egiten digun umeen eta animalien munduan. Eszena gainean bi atril eta bi aulki garai besterik ez da izan, eta Atxagarekin batera Joseba Apaolazak irakurri ditu emankizunerako prestatu diren testuak.
Katyren heriotzea Ainhoaren ahotik harekin ezinbestean sartu gara Etiopia liburu fundazionalean, eta hortik etorri dira Pott Bandaren garaiak eta Portugaleteko inprenta batera Joxemari Iturralde, Ruper Ordorika eta beste batzuekin joan zirenekoa, liburua inprimatu nahian. Eta hortik OVNIen kontua, gure garaian, hau da, mutilok meza-mutil ginenon garaian, oso modan jarri baitziren Objektu Hegalari Ezezagunak (OHE), erdarazko akronimoaz izendatzen genituenak. Egileak ere hortik hartu du aitzakia bere lumatik ateratako testuei OVNI edo ovnitxo izendatzeko, eta, hain berea den dibagazio emankorren lurraldean sartuta, kilkerrek sortutako testu poetikoetan barneratu gara, gauza funtsezkoak aldarrikatzen baitituzte “kir-kir-kir” nekerik gabe errepikatu arren.
Eta egilearen luma aipatu dudala, hara non folio tamainako koaderno banatan ekarri dutela biek irakurri beharrekoa, bolaluma arruntez idatzia seguruenik, eta ez egileen luma mitikoaz. Uste dut egunotan irakurri diodala Berrian eskuz idazteari berriro ekin diola, nik konpartitzen ditudan horren abantailak eta guzti deskribatuz.
Taula gainean bi irakurle izateak nolabaiteko kutsu eszenikoa eman dio gaualdiari, Atxagaren ohiko tonu malenkoniatsuak kontraste aberasgarria egin duelako Apaolazaren aktore-ahots bikainarekin. Hasiera batean Atxagak euskaraz jardun du eta Apaolazak erdaraz, esan osteko itzulpen zuzenak egiten, baina gero zertxobait lasaitu da kontua, eta beste hizkuntza batzuk ere entzun ditugu —italiera, latina eta ingelesa, nik uste—, bereziki Voglio una pizza poema dibertigarriaren kontura. Hala ere, niri behintzat, nekagarria egin zait gauzak ia beti bitan entzun behar izatea, eta neure buruari galdetzen diot ea zer etekin estetiko atera dion ikusle euskaldunak errepikapenaren sistema horri.
Bestetik, Hieronymus Boschen triptiko baten (Adoration of the Magi) analisi poetikoak eten du tarte batez irakurketa —eta hortik aurrera eszenako atzealdea edertu—, eta Ikea enpresaren iragarki proiektatu batek parada eman die Espainiako Errege emerituaren gaineko ironia fina eratzeko eta Moloch jainkoaren inguruko gogoeta emankorrak plazaratzeko. Atxagaren estiloari fidel izanik, kontu batzuk eta besteak elkarrekin txirikordatzen joan dira emanaldian zehar, eta, magoen antzera, egileak maisuki itxi ditu zirkulu guztiak, Etiopiaren inguruko zazpi hareazko eraztun haien modura.