Egilea: Galder Perez. Zuzendaritza, dramaturgia eta eszenografia: Olatz Gorrotxategi. Musika: Joseba B. Lenoir. Antzezleak: Gaizka Chamizo, Jon Koldo Vazquez, Pelayo Serrano. Lekua: Bilboko Fundicion aretoa. Eguna: Urriak 1.
Honezkero esan dezaket hirugarrenez ikusi dudala Lurrun minez antzezlana, baina ez zen egia osoa izango. Lehendabizikoa Cafe Bar Bilbaoko goiko aldean izan zen, iazko Loraldian uste dut. A, ze denbora haiek, non ikusleok elkarri itsatsita bero tropikalaren sentsazio itogarria negu betean lortzen genuen! Irakurketa dramatizatua izan zen arren, emanaldi hark oso sentipen interesgarria utzi zidan, hain izan zen landua eta ondo dramatizatua berez irakurketa ia soila izan zena.
Bigarren aldia liburu forman etorri zitzaidan, Susa argitaletxeak eta EHAZEk elkarlanean munduratzen duten Ganbila antzerki-edizioen bidez, eta oraingo honetan antzerki eran gauzatu da Galder Perezen testua, Fundicion aretoaren edukiera mugatua COVID-19 erabat bete duten programatzaileen aurrean.
Aurrera egin baino lehen, aitortu behar dut nire zalantzak nituela aurreko bietan entzun eta irakurri ostean bertsio fisikoak ekar lezakeenaz. Baina argi dago oraingo muntaiak emaitza borobil eta koherentea lortu duela, testuaren barne funtzionamenduari esker, hiru aktoreen lanaren laguntzaz eta, batez ere, Olatz Gorrotxategiren dramaturgia eredugarriaren ondorioz.
Hasteko eta behin, eremu eszenikoaren garbitasunak eman digu atentzioa, kubo formako egitura metaliko fin zuriak markatu baitu bertan gertatuko zenaren eremua. Izaera eskematikoa erakutsi÷ duen diseinu horrek ondo markatu ditu gay giroko sauna hartako guneak, eta erabilera dinamikoa izan du aldagelaren lekualdatzeei esker, bikain konbinatuta iluntasun dramatikoko uneekin. Izan ere, disposizio irudimentsu horren bidez, ikusleok eszena bera angelu guztietatik ikusi izanaren irudipena eduki dugu, eta gainera, zuzendariak flash-back batzuk sortu ditu testuaren geroko pasarte batzuk aurrera ekarriz eta horrela areagotuz film eszeniko bat ikusi izanaren sentsazioa.
Albo batean kokatu den musikariaren txokoak ere bere garrantzia eduki du, eta zer esanik ez haren alboan jarri den Gabon gau hartako jaiotza esanguratsuak. Joseba B. Lenoir musikariak giro zinematografiko iluna eman die argumentuko gertakizunei bere konposizio erdi malenkoniatsu erdi misteriozkoekin eta gitarra elektrikoan jo eta abestu dituen pasarteekin, haren ekintza txiki baina umoretsuak ahaztu gabe. Azkenik, aipatzekoak dira hiru antzezleen kemena, sinesgarritasuna eta ekipo lana: Jon Koldo Vazquez iragan zalantzagarriko irakaslearen rolean, Pelayo Serrano gazte herabearenean eta, distira bereziz, Gaizka Chamizo klubeko animatzaile zoro, drogazale eta mozkortiaren pertsonaian.