Egilea: Bertolt Brecht. Bertsioa: Antonio Buero Vallejo. Moldaketa eta zuzendaritza: Maria Goirizelaia. Euskararako egokitzapena eta zuzendari laguntzailea: Kepa Errasti. Musika: Zabala. Eszenografia: Jose Luis Raymond. Argiak: David Alkorta. Jantziak: Betitxe Saitua. Antzezleak: Itziar Lazkano, Ione Irazabal, Ane Pikaza, Eneko Sagardoi, Mikel Losada, Miren Gaztaņaga, Iņaki Urrutia, Gabriel Ocina, Alfonso Diez, Idoia Merodio, Aitor Borobia, Adrian Garcia de los Ojos, Mikel Martinez. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Otsailak 24.
Bere jatorrizko gurdi barik agertu zaigu Ama Kuraia, Calixto Bieitoren gustuko estetika hotzean bilduta baina distira handiz, martxoan ezarritako geldialdiaren ostean. Arriaga antzokiaren ekoizpen handi honetan, Bilbo inguruko antzezle eta sortzaileak batu dira gehienbat, Bilbotik kanpoko beste izen ezagun batzuekin batera —Miren Gaztaņaga, Mikel Losada, Eneko Sagardoi…—, eta denen ezinbesteko sostengu eszenikoa Ione Irazabal izan da.
Esan bezala, bide ezohikoetatik aurkeztu digute Bertolt Brechten ikur-lan hau, haren gurdi mitikoa eta guzti ezabatuta, jatorrizko dramaturgiarako funtsezko elementua izan arren. Hala ere, gurdiaren desagertze hori anekdotikotzat jo dezakegu, argumentuaren garapenean ez baitu trabarik egin eta planteamendua beste bide batzuetatik ibili delako. Azken finean, Bieitok berak esan zuen martxoko aurkezpenean, “brechtarrak direla Brechti gertatu zaion okerrena”, horrela iradokiz klasikoak ez direla sakratu bihurtu behar, eta sortzaile berriek beste era batean interpretatzeko eskubide osoa dutela.
Kasu honetarako, Antonio Buero Vallejo espainiar idazlearen bertsioa hautatu da, eta haren gainean eraiki dute gaur ikusi dugun bertsioa. Buero Vallejo Gerra Zibilean komunista izandakoa hala edo nola egokitu zen erregimen frankistan —bere obra batzuk zentsuratuak edo guztiz debekatuak izan ziren—, eta, seguruenik, oraingo moldaketa zorduna da garai haietako autozentsuratik. Beharbada horregatik, edo agian zuzendariak emandako fokatzeagatik, beste era batean ikusi dugu Ama Kuraia hau, eta urrun egon gara uda honetan Erriberrin ikusitakotik. Orduko hura Sevillako (Espainia) Atalaya talde ezkertiar militanteak ekarri zuen, brechtar estetika betean eta agerian utziz bai gerraren mekanismoak bai pertsonaia guztien maila etiko negargarria, Ama Kuraiarengandik hasita. Izan ere, Brechtek berak zioenez, “gerretan giza bertuteak hilgarriak bihurtzen dira”.
Ezaguna da, bestetik, Brechtek aldarrikatzen zuen distantzia sortzearen beharra, antzerkia gizartearen ekintza eraldatzailea izan zedin. Oraingoan, ordea, beste bide batzuk bilatu dira, eta nik bataiatuko nukeen estilo naturalista garaikidean garatu da proposamen eszenikoa, anbizio handiko eremu eszenikoan eta argi diseinuan bilduta. Brechten aroan bezala, musikak ere rol nabarmena jokatu du, baina era askoz gaurkoagoan, DJ batek goitik girotuta, soinu elektronikoak lagun eta euskal kutsuko doinuak zein abesti berbadunak han-hemenka tartekatuta.
Hasierako eszenan agerian utzi dute gerrek emakumeengan izugarri areagotzen duten indarkeria matxista, eta amaierakoan horren inguruko datuak proiektatu dira atzeko pantailan, antzezle guztiek jantziak erantzi eta barruko arropan dantzatzen zutela Forever Young-en bertsio eguneratu baten pean. Ni behintzat jokoz kanpo utzi nau kontraesan horrek, baina suposatzen dut ustezko modernitateari egindako tribututzat jo beharko dugula.