antzezpen kritikak
< Bost leiho zabalik | Denbora galdua >
Zuria ote da?
Agus Perez
Berria, 2006-12-19
“Artea”

Konpainia: Txalo. Egilea: Yasmina Reza. Zuzendaritza: Carlos Zabala. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Abenduak 16.

      Aurreko egunean, ez dakit nongo artikulu batean irakurri nuen “artearen balioa bere erabilgarritasunik ezean bertan datzala”, eta hori berori da Yasmina Rezak bere lanik famatuenean planteatzen duena: Sergiok artista ezagun baten margolan bat erosi berri du. Koadro handia eta erabat zuria. Beno, egia esan, ba omen ditu hortik sakabanatuta zuri koloreko marra batzuk.

      Aitzakia ezin hobe hartatik abiatuta, egileak hautsi eta berreraiki egingo du hiru lagun helduren arteko harremana. Haietariko batek txarto hartuko du Sergioren erabakia eta hirugarrenak ezin izango du bien jarrera kontrajarriak hurbildu, bere izaera epela dela kausa. Egoerak hiru gizonen nortasunak eta arazoak azaleratuko ditu, erloju-mekanismo baten zehaztasunarekin doazen dialogoen harira, eta horrela argi baino argiago geratuko zaigu Yasmina Reza dramaturgoaren bikaintasuna.

      Bitxia bada ere, duela sei urte lan berbera etorri zen Bilbora Josep Maria Flotats ezagunaren eskutik. Beraz, saihestezina zen nire baitan lan bien arteko konparazioa egitea, eta beldur barik esan ahal dut ondo baino hobeto eutsi diola erronkari Txalok, eta baita ere zenbait alderditan —freskotasunean eta aktoreen auzolanean batez ere— irabazle irten dela oraingo muntaia, alde handiarekin, bide batez esanda.

      Izan ere, Txaloren ekoizpen honetan elementu asko elkartu dira noizean behin jaiotzen diren eszenaratze biribil horietako bat sortzeko. Rezaren testuaz ez dugu beste ezer gehituko sobera ezaguna delako, baina Julia Marinen euskaratzeak aipamen bat merezi du ondo baino hobeto funtzionatzen duelako: esaldiek naturaltasuna dute, hiru pertsonaiek gaiak eskatzen duen mailarekin eta lagunarteko jatortasunarekin hitz egiten dute eta lagunen artean ohikoak izaten diren ironia puntuek eta umore garratzak testua zipriztintzen dute han-hemenka, ikusleen interesa mantenduz eta barre-algarak eraginez.

      Testuak berak hala eskatuta, eremu eszeniko erdi eskematiko erdi naturalista hobetsi du Carlos Zabala zuzendariak, eta koadro eszenikoen arteko etenaldiak ilunaldi laburren bidez gauzatzen dira, erritmo bizi baina ez estresagarriari eusteko. Azkenik, guztiz gozagarria da Ramon Agirreren, Joseba Apaolazaren eta Asier Hormazaren lana. Sendo eusten dio bakoitzak bere pertsonaiari, segurtasun osoz, esku artean rol zoragarri bat duenaren pozarekin, eta hiruren artean oso produktu ahalmentsua eratzen dute, bakoitzak bere onena emanez elkarren arteko lana are distiratsuagoa izan dadin.