Sorkuntza eta interpretazioa: Jon Ander Urresti. Kanpo begirada eta laguntza teknikoa: Matxalen de Pedro, Igor de Quadra. Lekua: Larrabetzuko San Bartolome ermita. Eguna: Ekainak 6.
Larrabetzuko San Bartolome ermitan izan dugu domeka arratsalde eguzkitsu batean Tribiz, baserri galdue berriro ikusteko parada. Gernikako Astra lantegian abenduan ikusi nuenetik neukan gogoan iltzatuta ostera ere ikusi gura nuela, eta handik urte erdira bete ahal izan dut orduko asmoa.
Emanaldia hasi baino lehen, ikusle guztiok erreparatu diegu harrizko hormei eta egurrezko egitura sendoari, eta begien bistakoa egin zaigu leku ezin aproposagoa zela Bermeoko zortzi mendeko baserri hari azken agurra emateko. Jon Ander Urresti kanpotik sartu denean irekita utzi du atea, aireari eta argiari bide librea emanez, eta hasierako isilunean basoko txorien txioak entzun ditugu, leku magiko haren izaera osotzeko falta zitzaigun azken froga lez.
Erdian jarri duen harriarekin hasi da guztia, munarri haren gainean eraikitzen zirelako baserriak, eta haren inguruko distantziak markatzen zituelako bere lurren mugak. Gaur egun Tribizeko harri batzuk baino ez dira geratzen eta cromlech erako zirkulu bat eratu du Urrestik baserriaren hondamen-akta notarialeko orriekin, herriko andere baten ahots grabatua gaztelaniazko hizkera kriptiko hura deszifratzen saiatzen zen bitartean.
Ikusten denez, nahi gabe-edo eta jatortasun osoz hiruzpalau soka nagusi joan dira txirikordatzen emanaldian zehar: antzerki dokumentala, gorputzaren presentzia indartsua, elementu fisikoen sinbolismoa eta poetika soila, gauzarik oinarrizkoenei eta gogorapenei tratu ona ematean dariena. Garai bateko kalez kaleko esne saltzaileek zerabilten gurdi batean ekarri ditu emanaldian erabili beharreko gauzak, eta, aitita-amamen aroan legez, denak izan dira apal-apalak: egurra, soka, igitaia, esne kantina, galbahea… eta harriak.
Munarri pisutsu harekin hasi da Urresti erdi egoten erdi jolasten —harriarekin komunikatzen azken finean—, sabel, lepo, hanka eta aurpegi gainean jarriz intentsitate handiko pasarte batean, eta bere aitita-amamen izaera langilea eta berba gutxikoa ezin hobeto jaso du hainbat koadrotan. Esate baterako, harrigarria egin zait uztarri bateko zulotik entzutea aititak idi parea gobernatzeko intonazio bereziz esaten zituenak, baina alde etnografikoa ez da hor amaitu, bizitza arruntaren pasarte mamitsu batzuekin jarraitu duelako. Horra hor, adibidez, amamak beti abesten zuen eliz-kanta herrikoia edota teilatuko zati bat jausi zenean hark aititari esan ziona: “Juan, auna [hona] erdu!”. Ahots horrekin eta une horretan dena zegoen esanda.
Gero, sendabelarren erabilera bereziaren lekuko izan gara, eta, zelan ez, gogoan izan dugu herriko bizilagun askok gogoratzen zutela esne saltzaile hura. Esan dugun moduan, elementuen soiltasuna izan da emanaldiaren euskarria, eta beraietatik ateratako bizi-irakaspenak ere bai. Halako batean, ilobak amamari galdetu zion ea galbahe bietan zein ote zen onena, eta amamak: “Horretan, bizitzan lez: zer nahi duzun kanpoan utzi eta zerekin nahi duzun geratu”.