Konpainia: Kamikaz kolektiboa. Testua, zuzendaritza eta antzezpena: Amancay Gaztaņaga, Iraia Elias, Erika Olaizola. Zuzendaritzan bidelagun: Espe Lopez. Musika zuzenean: Amancay Gaztaņaga. Kanta: Odei Barroso. Jantziak: Barbara Rasso. Argiak: Miriam Ubanet, Ana da Graįa. Ilustrazioa eta kartela: Idoia Beratarbide. Lekua: Azpeitiko Soreasu antzokia. Eguna: Urriak 31.
Hortxe ditugu hiru emakumeak, patxada ederrean, tea eta pasteltxoak hartzen garai bateko jantziekin apainduta. Antzematen dugu asteroko hitzordua dela, agian arratsalde guztietakoa. Hortxe daude, egon aditzaren esangura betean, gizonik gabeko denbora berezi horretan, beraientzat bakarrik sortu duten intimitate horretan.
Halako batean, baina, haietariko batek Joshua delako batekin maitemindua dela errebelatuko die beste biei, eta orduan bai, orduan hasiko dira komeriak, jeloskeriak eta elkarrenganako inbidiak akuilatuta. Lehertu arte barre egin dugu hasierako eszena horrekin, hiru antzezleen artean paroxismoraino eraman dutelako parodia buruargiaren artea. Baina horrelakoak al dira benetan emakumeak? Benetakoak ote dira ustezko maitasun erromantikotik sortutako egoerak eta erreakzio patetikoak? Ez ote dira kontsumitzen ditugun fikzioaren produktu ustelduen emaitza? Nork diseinatzen ditu gure iruditeria eratzen duten telesailak, filmak, iragarkiak, albistegiak?
Ikusten denez, une batetik aurrera serioago jarri da emanaldia, esandako galdera horiek tarteko, baina betiere satira kutsuari uko egin gabe. Horren adibide dugu hurrengo atalean XVI. mendeko gizon itxurarekin antzeztu dutela hirurek hasierako pasarte bera, baina gizonen ikuspegitik, gizonezko buru bana aurpegien aurrean jarrita, floreteak eskura eta tea alkoholarengatik ordezkatuta. Agian pasarterik esanguratsuena heldu da haietariko batek bera ere feminista dela esan duenean eta beste batek galdetu dionean ea horrekin nahikoa dela uste ote duen. “Momentuz, bai” erantzun, eta ikusleen barre-algarak —etengabeak izan dira emanaldian zehar— are ozenagoak bihurtu dira jarrera horren kontura.
Hala ere, aurrera jarraitu dute hirurek arestian planteatuko galderei erantzuten, panfletotik hurbil batzuetan —beharrezkoa kasurako, eta beraiek ere tentuz ibiltzekoa dela onartuta—, eta amorrutik beste batzuetan —zer espero genuen, bada, honezkero?—, kementsu beti, umoretsu beti, irudimentsu batez ere, edozein ideia eszeniko taula gainean gauzatu daitekeela une guztietan frogatuz, adorea, prestakuntza eta determinazioa izanez gero.
Dudarik gabe, Barbara Rassoren jantziek rol nagusia jokatu dute emanaldiaren arrakastan hiru antzezle sortzaileen lan itzelarekin batera, eta hor egon dira era berean Amancay Gaztaņagaren biolina eta Odei Barrosoren rap erako azken kanta, ikusleen amaierako entusiasmoa bideratu duena. Izan ere, txalo zaparrada benetan espontaneoak —ez bilatuak edo dramaturgiatik probokatuak— tarteka-marteka gertatu dira emanaldian, baina amaierakoak ikusleen esker onaren marka guztiak gainditu ditu, zinez.