antzezpen kritikak
< Nortzuk gara gu? | Jolasean >
Muturreraino joan
Nerea Aburto
ehaze.eus, 2021-11-09
“Maitasunaren itxiera”

Ekoizpena: Arriaga Antzokia Zuzendaritza: Pascal Rambert. Testua: Pascal Rambert. Itzulpena eta bertsioa: Eneko Sagardoy, Danele Sarriugarte. Antzezleak: Miren Gaztaņaga, Eneko Sagardoy. Lekua: Zornotza Aretoa. Eguna: urriak 29.

      Maitasunaren itxiera Pascal Rambert antzergile frantsesak idatzitako eta zuzendutako lanaren bertsioa da, Danele Sarriugarte eta Eneko Sagardoyk euskaratua. Gaur egungo euskal aktorerik erraldoienen artean dauden Sagardoy bera eta Miren Gaztaņaga taularatu zituen Zornotzan, aspaldiko partez aretoko jarleku ia guztiak beteta egon zirelarik.

      Antzezlana hasi aurretik eszenatokia biluzik agertzen da, bi aktoreak zalapartaka agertzen diren arte. Orduan bai, argiak piztu egiten dira, 20 fluoreszente zuri eta gordin, inolako filtro eta ņabardurarik gabe, jarraian etorriko denari lekua eginez: hitzen krudeltasuna, besterik ez.

      Rambertek ez du bere testuetan pertsonaien izenik irudikatzen (ahots eta gorputzentzat idazten duela esan ohi du, eta ez pertsonaientzat) aktoreekin zuzenean egiten baitu lan eta haien energiaz baliatu antzezlana sortzeko. Horregatik, taula gainean ikusi genituen bi pertsonaiak Eneko eta Miren ziren ere, bata bestearen aurrean, eszenatokiaren diagonala irudikatuz. Eneko barruan; Miren publikotik gertu, Enekori begira. Boxeo round dialektikoa hasteko prest.

      Enekok ahoa zabaldu bezain laster hitzak gorpuzten hasten dira, gorputzez eta ahotsez bete egiten baita eszenatokia antzezlan honetan. Bikote honen zuzeneko hausturaren lehenengo bertsioak abiaduraz eta biolentzia osoz jaurtiko ditu bere “zu, inoiz, beti, ez” beteriko esaldiak, lasai dagoela esanez, baina jarlekutik piztiaren arnas estua eta krudela igartzen den bitartean.

      Mirenek isilik entzun egiten du, harro hasieran, bere tokian geldi, baina hitzen bitartez minak eragindako barne zuloak makurtzera derrigortuko du askotan. Negarra ere helduko da tarteka, lurrera jausten den arte, Enekok pixka bat lehenago agindu bezala: “hitz egiteari uzten diodanean odol putz bat izango zara”. Hain zuzen, hasi besterik egin ez den borroka honetan, berak argi baitu bere papera: “ez zara otsoa izango, otsoa ni naiz” eta “muturreraino joan behar dugu, beti egin dugu”.

      Mirenen txanda da orduan. Enekorekin tokia trukatu eta oraingoan berak kenduko du jaka, bien janzkera den kamiseta zuri eta bakero urdinak agerian utziz. Oraingo honetan, aurretik esandako horren guztiaren erantzuna dator, Mirenek sintaxia eta gramatika berreskuratu dituela aldarrikatu eta Enekoren hitzei darien kiratsa salatuko du. Su-etenik gabe, bere gorputzak eta ahotsak talka egingo dute Enekok utzitako arrastoarekin eta honen gorputz bakartiarekin. Ez dago errukirik, “gu” bat egon zen garaiak eztanda egin eta arraila gero eta zabalagoa sortuko dute bere hitzek, Enekok egindako laburpenarekin hasarre.

      Bere gorputzak ere hitz egingo du, Enekorenak lehenago egin duen bezala, diagonal horretan aurrera eta atzera eginez, bakarrizketaren hitzak azpimarratuz eta kolpatuz. Momentu bi baino ez daude zeinetan entzuten ari den pertsonaiak bere lekua utzi eta aurre egingo dion hizlariari: umeak aipatzen direnean. Momentu bi horietan, Enekok zein Mirenek bizkor eta haserre egingo dute aurrera haien entzule kokalekua atzean utziz, behin betiko talkarako prest.

      Horren ostean etorri zena: mina, amorrua, mendekua, gaitzespenak, arbuioa, sexua,… gorputz eta hitz bihurtuta. Eta antzerkia ere, hainbat alditan ikuslego hipotetiko batek pertsonaien pentsamenduak okupatu eta kezka sortzen dienean: “hemen, guri begira, jendea balego”. Hitzekin sor ditzakegun sarraskiek ikuslegoa beharko balute bezala.

      Ia bi orduren ostean, bikote harreman horren hondamendia baino ez da gelditzen, hitzez eraikitako hondakin mendi bat. Hala ere, gutxi batzuek barrerako tarteren bat aurkitu zuten momenturen batean, biolentziaz eta gordintasunez jaurtiriko hitz horietatik guztietatik ihes egin nahian, akaso. Seguru, hala ere, gerra osteko ke eta bolbora arrastoa ezin izan zutela luzaroan ahotik ezabatu.