antzezpen kritikak
< Altsasu | Ostrukaren B plana >
Lubaki lainotsua
Maddi Sara Goikoetxea Juanena
ehaze.eus, 2021-12-14
“Lubaki lainotsua”

Ideia eta zuzendaritza: Atx Teatroa. Kanpo begirada: Atx Teatroa. Antzezleak: Javier Barandiaran, Maren Basterretxea eta Miriam K. Martxante. Eguna: Azaroaren 25a. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra.

      Metafora handia da Lubaki lainotsua, non dena izan daitekeen metafora, edo dena dago metaforaren zerbitzura: Lubakia, lainoa, gizona, gerra, postaria, hilotza. Mundu oniriko batera eramaten gaitu antzezlanak: horregatik lainotsu, geldo, fantasmagoriko edo denborarik gabekoa. Errealitatea eta ilusioa, norberaren eta kanpoko mundua… nahastu egiten dira. Izan ere, politikotik duen beste eduki dezake pertsonaletik istorio honek.

      Gudan dago gerlaria, lubakian, aspaldian sendo hartu zuen erabaki batengatik, bizitza goitik behera aldatu eta guztiz konprometitzera eraman zuen apustu bat, nolabait izaera bat eta zentzu bat eman diona… noraezean norabide bat. Baina denbora pasa ahala, testuingurua aldatu denez, zalantzan jartzen da jarrera berari eusteak zentzurik ote duen. Berdin-berdin jarraitzen du, ordea, gerlariak, goizero ordu berean esnatu eta errutina bera errepikatzen: kasete batean grabatuta dauzkan gerra-hotsak erreproduzitu eta kung-fu ariketak eginez, beti prest, etsaiari beti so, edozein momentutan eraso egin edo defendatzeko. Zenbateraino aldatzen da, ordea, testuingurua? Noiz bukatzen gerla, noiz desagertzen/desegiten etsaia? Aurki genezake gertaera objektiborik hori ziurtatzeko? Mezu igorlea da postaria, gaztea, energia berritzailea edo eraldatzailea dakarrena, eta auzitan jarriko ditu zaharkituta dauden balioak, eta kasu honetan, gerlaria bera:

      “Gerra aspaldi bukatu zen, edo ez da sekula bukatuko. Baina ez du inporta” —dio.

      Izan ere, ez dago gerrarik etsairik gabe. Eta zerk sortzen, elikatzen ditu etsaiak? Beldurrak. Beldurra guztiz presente dago istorio osoan zehar, esan genezake protagonistaren motor nagusiena dela, eta hala ere, ikusezina da, zeharkakoa… beharbada hori da antzezlan batean gerta litekeen gauzarik interesgarriena: publikoari zuzenean irudiz, pertsonaiaz edo objektuz errepresentatzen ez dena sentiaraztea.

      Postariak gerlaria konbentzitu nahi du lubakia abandonatu eta iragana lurperatzeko. Baina hain da handia gerlariaren beldurra, hain handia doluen zama, ezen ezin duen bere burua babestea ez den beste ezertaz pentsatu, armarria sendotzeaz eta erasoa ekiditeaz baizik. Zenbatetan oldartu ote gara, zaurgarri agertu beharrean? Horrela handitzen doa bortizkeriaren bola, geroz eta gehiago korapilatzen, aurrean duen guztia suntsitzen duen urakana bezala. Eta, ordurako, desitxuratu egiten da edo nahasgarri bihurtzen gerlariak defendatzen duen hori.

      Halere, dramaturgiak epai moralik egitetik urrun, edo pertsonaia batzuk “anker” eta beste batzuk “on” islatu beharrean, sarri zuri-beltzean agertzen zaigun errealitatearen grisak adieraztea du helburu, edo, hori da, behintzat, nire interpretazioa.

      Antzezlanaren amaierarako, nahiko argi gelditzen zait euskal gatazkan oinarritutako kontakizuna dela, baina taularatu duten gatazkari kutsu unibertsala hartzen diot, are gehiago, arketipikoa, hasieran aipatzen nuen moduan, gizakion barne eta kanpoko gatazka errepresentatzen dituelako: barne lubakiak, barneko gerrak, batzuetan norbere buruan baino ez dauden etsaiak, zaharkituta dauden baina egunero geure buruari errepikatzen dizkiogun eta gure jarrera baldintzatzen duten diskurtso horiek…

      Gai sakonetan tonu serioz aritu banaiz ere, antzezleek umorez egiten dute, fikzioak ematen dien jokoa baliatuz, interpretazio ez-errealista batetik, arintasunez. Eta hori, gure herriko gatazka unibertsalizatzeaz gainera, biziki eskertzekoa da.