Kafe Anzokia, 2016-02-16. Ane Zabala eta Galder Perez, Gilkitxaro.
Ane Zabala eta Galder Perez pertsonaia ezagunak dira Bizkaiko kultur munduan; Gilkitxaro izenarekin egindako antzezlanengatik, beste artista batzuekin egindako kolaborazioengatik eta baita komunikazio alorrean egin dituzten ekarpen ugariengatik. Hain zuen ere, obra honek beren ibilbide pertsonala hartzen du gaitzat, ezagutzen ez genituen zenbait kontu erakutsita.
40 urteetako krisialdiak jo dituelako aitzakia baliatuz, bizitzan atzera begiratzen dute eta hamaika urterekin irratsaio bat elkarrekin egin zuen lagun bikote bat deskubritzen dugu. Hor hasten da antzezlan hurbil eta xamur honen kontaketa nostalgikoa, gaztetako oroitzapenak taulara ekartzen dituena bide batez garai baten testigantza emateko.
Gilkitxaroren antzerkia baliabide urriei etekin handia ateratzean datza. Komiki zaharrak, argazkiak eta antzinako diskoak dira kasu honetan erabiltzen duten azpiegitura sentimentala, zer ginen eta zer garen erakusteko eta baita horretaz barre egiteko ere. Kafe Antzokiko publikoa izoztuta egon arren, bi aktoreak kapaz izan ziren poliki-poliki aretoa berotzeko beren ikuskizun atseginarekin.
Hori bai, esku-orrian Ane eta Galder txikien argazki ederra ikusi ondoren, uste dut obrak irabaziko lukeela argazkiok emanaldiaren zehar ikusterik balego, agian proiektore batekin, jokalariek erakusten dituztenean ez baitira ikusgai. Iruditzen zait protagonisten irudi zaharrek lagunduko lioketela ikusleari iraganerako bidaian barneratzen eta indartuko luketela obrak berez daukan alde xamur eta hunkigarri hori.