Donostiako Antzoki Zaharra, 2015-10-17. Testua: Patxo Telleria. Zuzendariak: Jokin Oregi, P. Telleria. Aktoreak: Mikel Martinez, Eneko Sagardoy.
Azken urteotako sorkuntzak komediaren ildotik bideratu ondoren, drama sozial batekin datorkigu orain Tartean Teatro taldea. Thriller psikologikotzat ere har dezakegun obra honek ausarki heltzen die egungo gizartean minberak diren zenbait gairi: arrazakeria, mendekotasuna eta zaintza lanak.
Jamil gazte marokoarra behin behineko amnesiarekin esnatzen da poliziak atxilo duelarik. Orain arte zaintzen zuen gizon elbarria erailtzea leporatzen diote. Erabateko hondamena gainean duelarik, erailketara eraman duen arrazoia gogoratzeko premia du Jamilek. Bere adimen aztoratuan kontzientziaren mamuek hildako elbarriaren itxura hartzen dute, eta agerpen horrekin batera bilatuko ditu erantzunak.
Protagonistaren proiekzio psikologiko batek antagonista rola betetzeak izugarri konplikatzen du egoera dramatikoa, desio kontrajarrien kontrastea Jamilen buruan gertatzen den zerbait delako. Zailtasun hori dela medio bi pertsonaien arteko talka dramatikoak indarra galtzen du tarteka, baina hala ere intrigari eusten zaio une oro.
Jamilen barne gatazkak espazio dramatiko guztia bete dezan, taularatze soil batean garatzen da ekintza osoa. Pantaila handi bat da eszenaratzearen ia osagai bakarra, iraganeko gertakarietan egiten diren jauziak eta diskurtsoaren tonu aldaketak markatzen laguntzen duena.
Hildakoarekin zeukan harremanean barneratu ahala, bere oroimenaren puzzlea osatuz joango da Jamil eta hor topatuko dugu nire ustez obraren alderik onena, hots, idazleak prestatu duen korapiloa eta beronen askatzean deskubritzen dugun istorioa.
Antzezlan interesgarria da Tarteanena, planteamendu ausarta izateaz gain, norberaren aurreiritziak jomugan dituelako. Istorio hunkigarri baten bidez, protagonisten motibazioak ezagutu gabe eraikitzen dugun errealitatea jartzen du kolokan, arrazakeriaren oinarri hutsalak agerian utzirik.