antzezpen kritikak
< | Arrosa urdina >
Aresti berpiztua
Agus Perez
Berria, 2025-04-15
“Bigarrenez aresti etorkizunaren aurrean”

Sorkuntza: Ekida. Zuzendaritza: Naiara Azpilkueta, Mikel Kaye. Gidoia: Paul Beitia, Peru Iparragirre, Lurdes Ondaro, Irati Oskoze, Gabriel Arestiren testuak baliatuta. Antzezleak: Ane Biain, Ane Mendiguren, Julen Ormaetxea, Ander Uribarri. Musikariak: Aitor Elorriaga, Eider Elorza, Javier Jorajuria, Garikoitz Ortiz de Villalba, Markel Reparaz, Unax Salvia, Paloma Strachan, Nere Txakartegi, Elene Uribarri. Lekua: Bilboko Kafe Antzokia. Eguna: Apirilak 13.

      Aurten beteko da Gabriel Arestiren heriotzaren 50. urtemuga, eta momentuz ez dut ikusi Bilboko Udaletik inolako asmorik hura gogoratu edo —are gutxiago, mesedez— omentzeko. Nire ohiko desinformazioa izango da, seguruenik. Gogoratzen naiz, ordea, orain hogei edo hogeita bost urte haren omenezko monolito xume bat inauguratu zutela Arte Ederretako museoaren eta Deustuko zubiaren artean hamar bat lagunek. Ekitaldi masiboa, gero, poetak beraren hirian zeukan estimazioaren neurrikoa. Munduko konpainia elektrikorik berdeenaren dorre ahalguztiduna ez zen artean existitzen, nik uste, eta denboraren une misteriotsu batean desagertu zen monolito txikia, itzal egin ez ziezaion.

      Ai, Bilbo! Arestik bezala maite zaitut nik: ezin zaitut sufritu baina hemen jaio eta hemen bizitzea eta borrokatzea tokatu zait, euskara estralurtarren hizkuntza den eta hirigintzan sartu zen azken auzo baztertuko azken etxetik.

      Baina gauzak aldatzen joan dira, kamarada, eta Gabriel Aresti euskaltegiko Kafe Antzokian estreinatu du Ekida arte-kolektibo sozialistak Bigarrenez Aresti hau igande buruzuri batean. Ikusteko modukoa izan da kalean sortutako ilara, bataiatu ninduten San Bizente elizako arkupeak gainditu eta EAJren egoitzarantz nahiz Justizia Jauregirantz luzatzen zena. Oso sinbolikoa guztia.

      Ikusten denez, ia-ia ahaztu zait agertokiaren disposizio proletario eta probisionala aipatzea. Bi aldamiorekin osatu da, eta goiko plataformetan zein haien azpian jardun dute lau antzezleek eta bederatzi musikariek —gitarrak, fagota, zeharkako flauta, biolina, biolontxeloa, teklatuak, ahotsak…—, eta egurrezko kaxa batzuk izan dira horren guztiaren osagarri. Arestiren rola gizonezko batek jokatu du hasieran eta amaieran, baina tarteko denboran emakume batek eman dio bizitza pertsonaiari. Era berean, magikoa egin zaigu Lurdes Iriondoren pertsonifikazioa ahotsean, gitarran eta presentzia eszenikoan, eta ile urdindukook harekin hunkitu gara ezinbestean.

      Bitartean etorri dira Arestiren bizipen ezagunak, ustezko euskaltzale amorratuen gorrotoa, komunista pentsatzeagatik espainolista izatearen irain jarraitua, euskara modernoaren kontrako posizionamendu trogloditak eta, nola ez, garai haietako langileen borrokak. Amaitutakoan, alboko ikusleak esan dit gabeziak egon zitezkeela ahotsetan eta deklamazioan baina dena barkatzen ziela sorkuntzan eta transmisioan jarritako grina eta maitasunaren izenean. Azkenik, Ekidaren hitzokin amaituko dugu: “Obrak berak esan dezakeena baino garrantzitsuagoa da obrak erakusten duen asmoa: arte eszenikoen antolaketa sozialistarena”.