Jatorrizko testua: Alaine Agirre. Sormena: Irene Balzategi, Amaia Castañeda, Gentzane Martinez de Cestafe. Zuzendaritza: Gentzane Martinez de Cestafe. Antzezleak: Irene Balzategi, Amaia Castañeda. Bideo sormena: Itziar Bastarrika. Argiak: Jaione Azkona. Soinu diseinua: Muare taldea. Jantziak: Marodi sorkuntzak. Lekua: Donostiako Lugaritz Kultur Etxea. Eguna: Martxoak 9.
2022an Oñatiko Irazan Antzerki Gunean sortu den Arta kolektiboaren lehenbiziko antzezlana dugu Sehaska-kanta gorriari. Laura Penagosen kanpo begiradaz eta Muare taldearen musikaz lagundurik, puzzle zatien eran osatu dute Alaine Agirreren Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama testuan oinarritutako pieza.
Liburua irakurri duenak badaki bertako emakumezko narratzaileak, ahizpa zaharrena izaki, familia harremanak errepasatzen dituela testu laburren bitartez, eta, Agirreren planteamenduan, aitaren figura aztertzen bada ere, ama eta ahizpa txikerrarekiko hartu-emanak direla nabarmentzen direnak.
Hala izanik, hasieran, bi aktoreak banan-banan azaldu zitzaizkigun oholtza biluzian nork bere bakarrizketari ekiten ziola, geroxeago, hainbat eszena elkarrekin emango dituzte. Liburuaren antzera, laburrak dira haien agerraldiak; hartara, itzalaldiak baliaturik trantsizioz beteriko emanaldia dugu. Liburua irakurri duenak badaki halaber nobelaren tonua ez dela ezti-mamietan bildurik baizik eta jarrera atezua islatzen duela. Hortxe dauzkagu, esaterako, amaren erditze ondorengo beheraldia zein alde batera utzita eta exijituta sentitzen den ahizpa nagusiaren atsekabeak. Kontakizunak baditu, beraz, tonu psikoanalitikoaren ukituak, aitortzaren tonua eta traumak uxatzeko ariketa.
Ordubeteko pieza da, guztiz biluzik hazten dena baina denborak aurrera egin ahala jantziago agertu zitzaiguna. Isiltasuna, soinu-banda bilakatzen den moduan, atzeko gortina beltz gardenak, aitzin-gibelerako jokoa ahalbideratu ez ezik, proiekzioaren kokagune ere bilakatzen da. Gorriz eta beltzez edo gorriz eta zuri-beltzez zipriztintzen da oholtza. Pieza eszenografikoki aberastu da eta azken herenean dantza eta beste antzezpen moldea taularatu dute Artakoek. Horrela, interpretazio arkua osatu dute estilo naturalista batetik esperimentaziotik edaten duen estilo batera. Lan fina eta ondo zaindua eskaini digutela esan beharra dago.
Sehaska-kanta gorriari-ren sortzaileei irakurri diet antzezlana eskaintzearekin batera irakurketa kluba antolatzen dutela. Ideia oso ona iruditzen zait. Hizpide izan diren gaiek askorako ematen dute eta gainera bi antzezle on hauek gertuago ezagutzeko aukera izango du publikoak.