Testu eta zuzendaritza: Garbi Losada. Aktoreak: Ane Gabarain, Dorleta Urretabizkaia eta Sara Cozar. Antzoki Zaharra, 2015-06-27.
Alzheimerraren endekapenezko prozesua pairatzen ari den emakume bat eta berau zaintzen duen alabaren istorioa kontatzen du obrak. Erabateko amnesiara gerturatzen garen heinean, emakumearen iragana deskubritzen dugu pixkanaka. Hirugarren pertsonaia bat agertzen da, batzuetan gogoratuta, besteetan irudikatuta, protagonistak ezkutuan gordetako bizitza pasarte garrantzitsu bat deskubriaraziz. Eta oroimen zauritu horren barruko paisaia erakutsiz edo, Dora Salazar margolari apartaren irudiak proiektatzen dira oihal mugikorrez osaturiko sistema ikusgarri batean, Javier Asinen musika bikainaren laguntzaz.
Hiru aktoreen lan sendoak —Ane Gabarainena nabarmenduz— behar bezala eusten dio istorio hunkigarriari, ikuslea erabat harrapaturik. Hori bai, uste dut publikoari ematen zaizkion erraztasun ugariek obraren ahalmen iradokitzailea mugatzen dutela eta eskaintza bisualaren aukerak gutxitu. Izan ere, osagai guztien maila oso altua bada ere, bereziki liluratu naute testurik gabeko tarteek, non irudiak eta soinuak teatroaren berezko ahalmena leherrarazten duten sentsazio boteretsuak sorturik. Eskatzea zilegi balitzaio, ikusle honek nahiago izango zukeen narratibotasun klasikoari pisu txikiagoa eskainiko ziokeen abentura teatral bat, non Salazarren irudiak ez zeudekeen estruktura dramatikoaren menpe, baizik eta aldrebes, eta ikusleak askatasun eta ardura handiagoa izango zukeen irudietatik bere istorio propioak eraikitzeko. Edozelan ere, Garbi Losadaren obra hau urte honetako lan onenen artean dago duda barik, hain zuzen, ikusi gabe utzi ezin den horietako bat.