antzezpen kritikak
< Aretoak 1 - Kaleak 0 | Afrikako Antigona >
Zer dago mugaz bestalde?
Agus Perez
Euskaldunon Egunkaria, 2003-03-14
“Yuri Sam”

Konpainia: Antzerkiola imaginarioa. Lekua: Zornotza aretoa. Data: Martxoak 8.

      Kandela biren argipean igarotzen dira Yuri Sam obrako lehen minutuak, nork eta Mikel Laboak beren beregi konposaturiko kanta eta berba ederrak entzuten ditugun bitartean. Jarraian, eta ilunpe ia erabatekoan segitzen dugula, Aitor Agirianoren musikaren ozeanoa zeharkatzen dugu, Yuriren mundura izpiritualki prestatuta ailegatzeko.

      Behin muga zeharkatuta, Yuri bera agertuko zaigu, maiestatez jantzia arima handien antzera, Ilargiaren eta Eguzkiaren izpiritu eraginkorrak alboan dituela, etengabe. Logika cartesiarretik harago doan berbaldian zehar, Yurik bizitzari buruzko gogoeta egin eta gizaki izatearen alde onak zein txarrak goretsiko ditu, bizi izatearena delako gizakioi egokitu zaigun baliorik gorena.

      Jon Gerediagak idatzitako testuari edertasuna dario alde guztietatik. Poetikoa da gehienbat, eta gordin-gordina zenbaitetan, baina betiere ederra, gaiaren altuerarengatik, esaldien erritmoarengatik eta hizkeraren maila jasoarengatik.

      Beste baliabide dramatikoak aztertzen hasita, garbi esan ahal dugu ahalmen handiko antzerki-produktu baten aurrean gaudela. Hasteko eta behin, itzela da Ander Lipusen nahiz Miren Gaztaņaga eta Veronica Fernandezen presentzia eszenikoa. Hiruren mugimenduak guztiz neurtuak eta esanguratsuak dira une guztietan, eta bereziki lirainak dira neska bien figurek sortutako irudiak, askotan greziar klasizismoa gogorarazten digutenak.

      Estetika ezin aratzagoa duen muntaia honetan musika pasarte bizigarriak, deklamazio ahalmentsua, elementu eszenikoen sinbologia, argiztapen diseinuaren edertasuna... dena dator bat XXI. mendeko bizidunoi gogorarazteko arbasoen ahotsa aspaldi ahaztu genuela, aspaldi galdu genuela Anbotoko damaren orrazia harkaitz artean.