Taldea: Metrokoadroka. Loraldia (P6), Bilbo, 2015-04-25.
Asteburu ederra ekarri digu udaberriak Bilboko euskaldunoi. Loraldia ekimenak, garai bateko lore jokoen izpiritua berreskuraturik, euskal kultura ospatu eta aldarrikatzearen erronka hartu du, Euskal Herriko hiririk handiena eszenatokitzat hartuz. Kanpotarrak erakarri eta limurtzeko ekitaldiez gogaituxe nagoen bilbotar hau ezin adosago egon antolatzaileen hautuarekin: bazen garaia Bilbok, euskaldun gehien batzen duen hiria ere badenak, euskarari lehentasunezko lekua emateko.
Eskainitako jardueren artean, Metrokoadroka kolektiboa arduratu da antzerkiaz, heriotzaren inguruko hausnarketa batekin. Antzezlana osatzen duten piezak justaposizioz batzen dira, pilatu zeharkako gaiekin batera, nahastu poema eta musikarekin. Aurreko lanekin alderatuz, jolasean aritzeko gogo handiagoa nabari dut, beren buruaz barre egiteko nahia. Osagai biografikoek eta jokalarien arteko laguntasunak xamurtasuna ematen diote asuntoari.
Beren web orrian azaltzen dutenez, lehengai artistikorik nagusia taldekideen bizitza bera da. Beraien proposamena literaturaren autofikzioaren ordaina izango litzateke, desberdintasun funtsezko batekin: performance izenaz ezagutzen dugun joera teatral honek ezaugarri berezkotzat du narratibitatearekin ez ezik, zentzuaren eraikuntzarekin ere haustea.
Ezaugarri horrek, bistan da, lekuz kanpo utz dezake eskema tradizionalak espero dituen ikusle bat baino gehiago. Baina hemen adierazia dudan legez, antzerkiaz gozatzeko ez gara ulertzearekin obsesionatu behar, edo ez behintzat aditz horri eman ohi diogun zentzu aristotelikoan. Horren ordez, gomendatzen dut Metrokoadrokaren lana dagozkion terminoetan gozatzea. Horrela ikuslea ohartuko da obra interesgarri, ausart, umoretsu eta tarteka distiratsu baten aurrean dagoela.