Zuzendaria: Begoņa Bilbao Lejarzegi. Testua: Jordi Sanchez eta Pep Anton Gomez. Eguna eta lekua: Antzoki Zaharra (Donostia), 2015-02-21.
Heriotzarekiko harremana Mendebaldeko zibilizazioak dituen gabeziarik larrienetakoa da. Hain da handia haren inguruan garatu dugun beldurrezko tabua, non ezin baita inolaz ere gutiziatu, ezta gauzak hobetzeko denean ere.
Haatik, enboliadun ama 15 urte zaintzen eman ondoren, Carlos (Jose Ramon Soroiz) kokotaraino dago eta behingoz hiltzea nahi du. Motibazio makurrago batekin bada ere, jaraunspena noiz jasoko zain dagoen Juan anaiordeak (Iker Galartza) itxaropen bera dauka. Hortik abiatzen da Madrilen arrakasta handia lortu duen komedia beltz hau.
Bi aktoreak txukun-txukun aritzen dira, nahiz eta Galartzaren paperak aukera handiagoa ematen dion bere gaitasun komikoa erakusteko. Pertsonaia honen hizkera jatorrak —Galartzak berak egindako itzulpenari dagokiona—, hala nola planteatutako egoerak gizartean duen hedadurak gertu-gertuzko istorioa bihurtzen dute.
Komediaren meriturik handiena, ene ustez, gaiztoa izatea da: heriotzaren tabuaz gupidagabeki barre egitea eta senitarteko harremanek agintzen duten maitasunari trufaz aritzea. Izan ere, uste dut aspektu horiekin eragin askatzailea sortzen digula, nolabait. Hori bai, obrak ez du profitatzen zaintza lanen azpian dauden arazo sozial, ekonomiko eta politikoetan sakontzeko aukera paregabea, kontuan izanda gainera puri-purian dagoela gaia murrizketak direla eta. Gauza da lanaren asmorik lehena —eta agian bakarra— publiko zabala entretenitzea dela. Eta esan beharra dago asmo horretan ez duela, inondik ere, kale egiten.