Ekoizpena: Txalo. Egilea: Yasmina Reza. Euskaratzea: Julia Marin. Zuzendaritza: Begoña Bilbao. Antzezleak: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza, Asier Hormaza. Lekua: Erandioko Merkatu Zaharra aretoa (Bizkaia). Eguna: Urriak 6.
Ia hogei urte igaro ondoren berriz ere itzuli da eszenatokietara Txalo ekoizpen-etxearen Artea antzezlana. Irailaren erdialdean Donostian egon ostean Erandion ikusi dugu, eta Bilbo aldeko udalerriko euskaldunek babesa eman diote beren presentziarekin, barre politekin eta txalo beroekin.
Yasmina Reza jatorri ugaritako idazle frantziarrak arrakasta handia lortu zuen bere lanarekin pasa den mendeko azken hamarkadan estreinatu zenean, eta harrezkeroztik munduko leku askotan taularatu da, testuaren bertute ukaezinak direla medio. Seguruenik, haietariko nagusia argumentuaren amua da, zeren eta kulturaren jarraitzaile askok nolabaiteko frustrazioa sentitzen baitute XX. mendean sortu eta garatutako arte garaikidearen aurrean, batez ere haren muturreko adierazpideetan, eta are gehiago jakitean artearen balioa eta onespen soziala dirudun handiek finkatzen dutela.
Hortaz, amu horrekin —hiru lagunetariko batek garesti erosi du erabat zuria den margolan handi bat— bete-betean asmatu zuen ikusleak poltsikoratzerakoan. Baina Reza ez zen hasierako kontu horretan geratu: aitzakia hura antzezlanaren benetako muineraino heltzeko baliatu zuen, bikain baliatu ere, erosketa diskutigarri horren ondorioz eroslearen (Ramon Agirre), lagun erretxindu baten (Asier Hormaza) eta beti guztiaren erdian dagoen hirugarrenaren (Joseba Apaolaza) arteko ika-mikak eta eztabaidak piztuko direlako, aspaldiko adiskidetasuna kinka larrian jarri arte.
Behin muinean sartuta, Rezak abilezia handiz eta finezia osoz sarrarazten gaitu giza arimaren labirinto deszifraezinetan, eta ikusleek beren burua ezagutzeko bidaia miresgarria egin dute hiruren arteko solasaldi mamitsu baina ustez pisugabe ugarien bidez. Zer gehiago eska dakioke antzerkiari, benetako antzerkiari?
Noski, Rezaren egiletza aipatu dugu, baina ikusle euskaldunek jakin behar dute testua euskaratzearen ohorea Julia Marini egokitu zitzaiola eta orain ere goza dezakegula bere lan orbangabeaz. Euskarazko bertsio haren jatorrizko zuzendaria Karlos Zabala izan zen arren, orain Begoña Bilbaok hartu du ardura hori, baina nik behintzat ez dut aldaketarik antzeman ekoizpen bien artean, dekoratuan izan ezik, orduko hura erabat zuri gogoratzen dudalako eta oraingoa naturalismo antzuaren bidean ikusi dudalako.
Hiru antzezleak, bikain, beti bezala, ekipo ona. Jarrera aktoralean eta keinuetan hirurak esanguratsu bezain natural. Eta amaitzeko, antzezle orori zuzendutako oharra: komeni da jakitea Julia Marin ahoskera txukunari buruzko ikastaroak ematen ari dela Euskal Herrian zehar.