Konpainia: Tartean. Egile eta zuzendaria: Jokin Oregi. Kolaborazioa zuzendaritza plastikoan: Ane Pikaza. Musika: Adrian Garcia de los Ojos. Koruko zuzendaria: Jose Luis Ormazabal. Argiak: Edu Berja. Antzezleak: Iñigo Aranburu, Jabi Barandiaran, Iraia Elias, Getari Etxegarai, Ruth Guimera, Irene Zarrabeitia. Lekua: Bilboko BBK aretoa. Eguna: Irailak 29.
“Zortzi urteko neskato baten suizidio saiakera kontatzen duen obra baten aurrean gaude”: horrela aurkezten du gaia Non daude haurrak? antzezlanaren esku-programak.
Justu orain bete dira hamar urte Jokin Zeberio Laboa ikasleak bere buruaz beste egin zuenetik, Hondarribiko institutu batean jasandako jazarpena zela eta, baina Jokin Oregiren testuan beste zio batzuk ere ager daitezke, antzezlaneko protagonista ikusezin batengan behintzat. Zeren eta, hasierako testuak zortzi urteko Maddi delako baten kasua azaltzen digu, baina emanaldian zehar adin bereko Uxue izeneko batena ere agertuko da, haren motiboak eta egoeraren eboluzioa diferenteak diren arren.
Aretoaren moldagarritasuna baliatuta, ohiko besaulkiak kendu eta zoru zapaleko lauki beltz batean jardun dute antzezleek, ikusleok haien inguruko aulki solteetan geundela. Perimetroko led lerroak eta barruan kokatu diren hiru bolumen laukizuzenak izan dira eszenaratzearen apaingarri bakarrak, eta jatorrizko eszenatokia ere baliatu dute noizean behin, ia existitu ez den ekintza eszenikoari bizitasun apur bat emateko.
Jakina denez, Oregiren testuak trinkoak eta sakonak izatearen intentzio argia dute, eta kasu honetan ere psikologia eta filosofiaren arteko gogoetak izan dira nabarmenak protagonista nagusien hitzaldietan. Bide horretatik, bakarrizketa mamitsuz eraikitako testua izan da emanaldiaren oinarria, eta pertsonaien arteko solasaldiak urri-urriak izan dira, izendapen horretan sartu ahal baditugu aspalditik elkar ulertzen ez duten bikoteen berbaldiak.
Horrela izanik, lehendabiziko interbentzioan Iraia Eliasen ordu laurden bateko bakarrizketa sutsua entzun dugu, eta jarraian etorritako Jabi Barandiaranekin gauza bera gertatu da, iraupen berarekin. Hasita nintzenean sinisten Oregik ez lukeela gurekiko gupidarik erakutsiko, hasi dira gauzak apur bat arintzen beste antzezleen esku-hartzeekin eta bilbearen tantakako deslotzearekin.
Beste ezer baino lehen, goraipatu behar dugu umeen pertsonaiak inork antzeztu ez izana, horrek antzezleen aldetik eskatu duen ahalegin miresgarriarekin. Gero, antzezle nagusien —Iraia Elias, Jabi Barandiaran eta Getari Etxegarairen— dentsitatea goraipatuko dugu, lehen biengan ohikoa zaiguna baina Etxegarairen kasuan harritu egin gaituena. Eta azkenik, amaierako planteamendua egin zaigu hunkigarria, Bilboko Elkarte Koraleko gaztetxo batzuk banan-banan agertu eta sei pertsonaia helduak beren presentzia garbiarekin ordezkatu dituztenean.