Konpainia: Abarka. Testua: Kolektiboa, Yolanda Larreategiren kolaborazioarekin. Zuzendaritza: Ander Lipus. Teknika: Mikel Unamunzaga. Antzezleak: Idoia Aldekoa, Lucia Conzi, Luis Egurrola, Lur Epelde, Nerea Foruria, Rebeka Jauregi, Nagore Leon, Ruben Markina, Argia Santamaria. Lekua: Markina-Xemeingo Arretxinagako zubia. Eguna: Ekainak 2.
Markina-Xemeingo Arretxinagako zubiaren inguruko harmailetan makina bat ikusle bilduta zeudela etorri da autokarabana, eta bertan gelditu ostean hasi dira lau bidaiariak ibilgailu barruko tresneria handik ateratzen eta zubipeko plazatxora jaisten, bertan asteburu eder eta merke bat pasatzeko intentzioarekin.
Markina-Xemeingo Abarka taldeak bi urte daramatza Autokarabanie hau prestatzen eta esan beharra dago emaitza eszenikoa bikaina izan dela. Baina ez bakarrik kontuan hartuta talde amateurra dela, baizik eta beren trebezia, sormena eta prestakuntzarekin erraz gainditu dutelako muntaia dirudun batzuek tamalez erakusten duten maila.
Autokarabanie kalean antzeztu da eta kalerako sortua da —ia-ia site specific eran—, baina herri-antzerkia da, herri batek sortua, herritarren ekimenari esker jaio da eta zubipean jokatu da, alde batetik argumentuak hala eskatzen zuelako, baina baita ere Markina-Xemeinen antzokirik ez dagoelako. Horrela dago kultura gurean, zoritxarrez, zubipean. Bestetik, alde formalari begira, testu-antzerkia da. Antzezleen inprobisazioetatik abiatu zen guztia, eta idazle batek eman dizkie testuei jarraitutasuna eta azken forma. Askotan esan dut talde amateurren kalitatean ezinbestekoa dela zuzendariaren gidaritza, eta Abarka taldearen kasuan erabakigarria da Ander Lipus markinar-xemeindarra proiektuaren buru izatea.
Oporraldi surrealista horren protagonistak bikote bi izan dira, baina haien inguruan beste pertsonaia asko ibili dira euren arteko ika-miketan sudurra sartzen eta, bide batez, herriko kontu askori aipamena eginez: aguazilen jarduera, garai beteko kartzela zaharra, Santiagora bidean udalerritik doazen erromesak, munduko gerretarako bertan ekoizten diren morteroak, nazi garaituei ihesbidea errazten zien alemaniar bikotea, Trabakuan abiaduragatik jasotako isunak... Eta, zelan ez, San Migel arkangelu bera Arretxinagako baseliza mitologikotik beren-beregi etorria.
Entsegu askoren fruitu, antzezleek segurtasun handiz eman dituzte rol guztiak —baten batek pertsonaia bat baino gehiago jokatu du—, eta horren ondorioz lasai eta disfrutatzen ibili dira denak, ikusleak atoan poltsikoratuz eta euren txalo zaparradak aldian behin jasoz. Hauxe da herri-antzerkia, herriak egina, herriaren autoestimua igoarazi eta herria egituratzen duena, baina oraindik zubipean antzeztu behar dena!